Jaques Chirac Frantziako presidente ohiari bi urteko espetxe zigorra ezarri diote, Parisko alkate zen garaian funts publikoak bidegabe erabiltzeagatik eta herritarren uste onaz abusatzeagatik. Epaia hamabost urtetik gora atzeratu duten arren, azkenik errudun jo dute Chirac. Dena den, ez da joango kartzelara.
Frantziako presidente izandakoak ez du bere aurkako epaia zuzenean entzun, ez baita epaitegian aurkeztu. Ez atzo, eta ezta bere aurkako prozesu guztian ere. Medikuen arabera memoria galera eragiten dion gaixotasun neurologiko bat dauka, alzheimerraren antzekoa. Gaixotasuna izan da, hain zuzen ere, epaiketa atzeratzeko arrazoietako bat. Aurrez, presidente karguaren immunitatearen babesari esker lortu zuen Chiracek akusatuen aulkian ez esertzea.
1977tik 1995a bitartean Parisko alkate zela funts publikoak bidegabe erabili zituela ondorioztatu du epaimahaiak. Existitzen ez ziren lanpostuak sortu zituen. Haren orduko alderdi RPR Errepublikaren Aldeko Batasuneko kideek bete zituzten inolako funtziorik ez zituzten lanpostu gehienak eta udalak ematen zuen dirua alderdia finantzatzeko erabili zuen hainbat kasutan. Beste zenbait kasutan, berriz, lagunei eskaini zizkien gero betetzen ez zituzten lanpostuak. Helegiterik, baina, ez du jarriko Chiracek; ez epaia onartzen duelako, «egiaren alde borrokatzeko» indarrik ez duelako, baizik.
Gehienez hamar urteko espetxe zigorra eta 150.000 euroko isuna ezar ziezaioketen. Parisko fiskalak, ordea, absoluzioa eskatu zuen duela hiru hilabete. Epaimahaiak gertakarien antzinatasuna hartu du kontuan, eta baita dirua bere burua aberasteko erabili ez izana ere. Horretaz gain, bete beharko ez duen bi urteko espetxe zigorra ebazteko, Parisko Alkatetzaren, UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuna alderdiaren eta presidente ohiaren arteko akordioa ere aringarritzat onartu dute. Izan ere, Parisko Alkatetzak salaketarik ez aurkeztea onartu zuen, UMPrekin eta akusatuarekin akordioa lortu zelako; lapurtutako dirua itzultzea onartu dute. Chiracek 550.000 euro ordainduko ditu, eta gainontzekoa —guztira 2,2 milioi euro ebatsi zituela diote— UMP alderdiak jarriko du, RPRren ondorengo baita.
2004an hainbat lagun errudun jo zituzten kasu beragatik, tartean egungo Atzerri ministro Alain Juppe. Hamalau hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten Jupperi orduan, baina ez zituen bete beharizan. Presidente karguak, baina, immunitatea ziurtatu zion Chiraci —1995etik 2007ra arte izan zen presidente—.
Bere aurkako salaketa guztiak ezeztatu ditu hasieratik politikariak. Bere burua zuritzeko, Chiracek argudiatu du ez zela arduratzen RPR alderdiaren egunerokoaz. Horretaz gain, lanpostu guztiak «legezkoak eta Parisko herriarentzat baliagarriak» zirela defendatu du azken unera arte. «Ez dut oker penalik egin, ezta moralik ere», esan zuen Chiracek bere aurkako prozesuan bere abokatuen bidez.
Demokraziaren kaltetan
Frantziako presidente ohiaren aurkako epaia hainbeste urtean atzeratu izana demokraziaren kaltetan izan dela uste du Eva Joly epaile ohiak eta presidentetzarako hautagai ekologistak. «Jaques Chirac gainontzeko frantziarrek dituzten baldintza beretan epaitu izan balute, alegia gertakariak ezagutarazi eta berehala, gaur egun demokrazian konfiantza handiagoa lukete herritarrek», adierazi du.
PS Alderdi Sozialistako eledun Benoit Hamonek, aldiz, ebazpena «demokraziarentzat seinale ona» dela dio, herrialdearen presidente ohi bat zigortzeak Justiziaren independentzia agerian uzten duela argudiatuta. Andre Vallini PSko senatariak ere adierazi du erabakia berandu heldu bada ere, «justizia egin izana» albiste ona dela .
Nicolas Sarkozy Frantziako egungo presidenteak, berriz, ez du epaileen ebazpenaren inguruan iritzirik eman nahi izan, eta bere aurrekoaren zigorra epaitzea ez dagokiola adierazi du. Dena den, frantziarrek «dioten estimua» mantenduko dela uste du Sarkozyk.
«Ebazpenak frantziarrek sentitzen duten estimua ez aldatzea espero dut», adierazi du, bestalde, Chiracen abokatu Georges Kiejmanek epaiaren berri izan ondoren. Era berean, absoluzioa nahi zuten guztientzat epaileen erabakiadesilusio handia izan badaiteke ere, epaimahaiak Chiracen bertuteak kontuan hartuta zigorra neurrira ekarri duelakoan dago.
Politikariaren gainbehera
Chirac politikatik erretiratutaeta gaixotasunak apalduta dago.II. Mundu Gerratik zigortu duten lehen presidentea bilakatu da. Atzean 40 urteko ibilbide luzea dauka politikagintzan. Ustelkeriagatik jaso duen zigorra, baina, «indarrik gabe» dagoen politikariaren gainbeheraren seinale da.
Kameleoia ezizenez bataiatu zuten Chirac aurkariek. Izan ere, unean uneko interesen arabera iritziz aldatzeko gaitasun aparta zuen. Gaztetan ezkerreko ideiak bazituen, ere, Charles de Gaulleren jarraitzaile bilakatu zen gutxira, eta gerora muturreko eskuinera ere hurbildu zen interesek hala eskatzen zuten bakoitzean.
2002an hautesle gehienen aukera izan zen Chirac presidentetzarako bozen bigarren itzulian. Emaitza historikoa lortu zuen: bozen %82 bereganatu zituen. Askok, baina, gogoz kontra egin zuten haren alde,Jean-Marie Le Pen eskuin muturrekoaren gorakada saihesteko, hain justu. Haren abokatuak, azken alegatuan «ardura politiko eta moral izugarria» duela nabarmendu du. Heriotza zigorra baliogabetu izana eta abortua legeztatu izana goraipatu ditu, beste hainbat neurriren artean. Horretaz gain, Petain mariskalaren erregimen kolaboratzaileak juduen deportazioan izan zuen esku hartzea Frantziaren erantzukizun historikoa zela aitortu izana da politikariak bere ibilbidean egin duen keinurik nabarmenenetako bat.
Dena den, Frantziako agintari gisa baino gehiago nazioarteko politikagintzan lorpen nabarmenagoak egin zituela diote askok. Batik bat, Irakeko gerraren aurka agertu zuen irmotasuna aitortzen diote. NBEren Segurtasun Kontseiluaren onespenik gabeko esku hartzealegez kanpokoa zela defendatu baitzuen hasieratik.
Luzatutako borroka, galduta
Parisko alkate zenean funts publikoak bidegabe erabiltzeagatik bi urteko espetxe zigorra ezarri diote; ez da joango kartzelaraImmunitateaz eta gaixotasunaz baliatuz, hamabost urtez atzeratu dute erabakia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu