Lydia Cachok (Mexiko Hiria, 1963) hamabost urte daramatza krimen antolatuaren eta boterearen arteko harremana ikertzen. Garesti ordaindu behar izan du bere ausardia, baina erasoak eta mehatxuak gorabehera, ahoan legarrik gabe mintzatzen da. Duela gutxi Bilbon izan da, Gutun Zuria jaialdiak gonbidatuta.
Zein da gaur egun egoera Mexikon, emakumeen kontrako indarkeriari dagokionez?
Mexiko da herrialde nagusietako bat haur pornografiaren ekoizpenari dagokionez, eta Latinoamerikan hildako emakume kopururik altuenetako bat du Guatemalarekin batera. Duela zazpi bat urte Felipe Calderon presidenteak narkotrafikoaren kontrako gerra deritzonari ekin zionetik, horren aitzakiatan zigorgabetasuna eta ilunkeria areagotu dira, eta emakumeak atera dira galtzaile. Zenbait lekutan narkotrafikatzaileek boterea eskuratu dute, politikariei ordaindu ez ezik, politikariak euren sareetan txertatu dituztelako. Mafia eta kartel nagusiek dagoeneko lortu dute politika arlorako sarbidea, eta horrek askoz zailago egiten ditu gauzak. Zigorgabetasuna da araua.
Beraz, talde horiek harremana dute botere politikoarekin?
Zalantzarik gabe. 2003an argitaratutako Demonios del eden (Paradisuko deabruak) liburuan lotura horiek salatu nituen, gobernadore, senatari eta abarren izen-abizenak eta guzti. Geroztik, sare horien funtzionamendua ikertzen jarraitu dut. Dinamika hori, botere politikoaren eta sexu esplotazioa kudeatzen duten sareen arteko harremanarena, herrialde guztietan gertatzen da, Espainia barne. Prostituzioari buruzko eztabaida oso polarizatuta dago: batzuek esaten dute lanbide bat baino ez dela, eta lanbide duina, eta beste batzuek, berriz, erabat galarazi beharko litzatekeela. Eta bi mutur horien artean, milaka emakume daude katigaturik, gazteak eta umeak barne.
Nola funtzionatzen du lotura horrek?
Adibidez, diruaren zuritzearen bidez. Badaude politikarien diru zikina zuritzen dutenak, horretan ezer txarrik ez dagoela argudiatuta, baina, era berean, narkotrafikatzaile edo pertsonen trafikoan aritzen direnen dirua ere zuritzen dute. Azkenean, denek amaitzen dute mahai beraren inguruan eserita, nahi eta nahi ez.
Zuri sare horiek ikertzeak arazo franko ekarri dizkizu.
Kazetaritzan hogei urte daramatzat, eta duela hamabost bat urte hasi nintzen sare horiek ikertzen. Orduan jaso nuen lehen heriotza mehatxua, abokatu ezagun batek pistola buruan jarri zidanean, nire bulegotik ateratzen ari nintzela. 2003an, neska talde batek lortu zuen sexu-esplotazio sare batetik ihes egitea, eta ni auzi hori ikertzen hasi nintzen. Lehen aipatutako liburua argitaratu nuen, non lau eta hamahiru urte bitarteko berrehun neskatoren kasuak dokumentatzen nituen, eta handik gutxira polizia talde batek bahitu ninduen.
Zer gertatu zen orduan?
Hogei orduz legez kanpo atxiki ninduten, torturatu ninduten eta espetxe batera eraman ninduten. Azkenean, epaiketa irabazi genuen, baina talde horretako buru bakarra dago kartzelan, 113 urteko espetxe zigor historikoa jaso ondoren haur pornografia eta emakumeen trafikoagatik. Baina harekin batera zeuden politikari eta senatariek euren karguetan segitzen dute. Geroztik, heriotza mehatxuak ez dira eten, eta hainbat aldiz ihes egin behar izan dut Mexikotik bolada batez. Egun, Mexikon bizitzen jarraitzen dut, segurtasun neurri zorrotzak hartuta.
Zergatik da hain arriskutsua Mexikon gai hori ikertu eta horretaz idaztea?
Beste herrialde batzuetan, Italian esaterako, mafia ikertzen dutenek mafiosoei egin behar diete aurre. Gurean, aldiz, erasoak Estatuaren botere politikoan daudenek egiten dituzte, alkateek, poliziek eta militarrek. Zigorgabetasunarekin zerikusi handia du horrek. Adibidez, duela gutxi Laredon (Mexiko) egon naiz, hango egunkari bateko zuzendaria elkarrizketatzen. Kartel bateko kideek bahitu zuten, gero libre utzi zuten, eta behartu zuten bere egunkarian ohar bat argitaratzera, esanez aurrerantzean ez zutela kartelen inguruko informaziorik publikatuko. Horren aurrean, estatuaren gobernadoreak adierazi zuen pozgarria zela ikustea kazetariek euren segurtasuna bermatzeko neurriak hartzen zituztela.