Itxaropentsu daude biktimen elkarteak, nahiz eta argi duten hemen ez dela bidea amaitzen. «Duela hiru urte hasi genuen iraupen lasterketa bateko lehen helmuga da epaiketa hau, eta urrats garrantzitsua da», nabarmendu du Pilar Manjonek. Semea galdu zuen leherketetan. Egun Terrorismoaren Biktimen M-11 Biktimen Elkarteko presidentea da. Haren esanetan, zenbait egia jakitea zail izango da. Esaterako, Leganesen beren buruaz beste egin zuten zazpi ekintzaileek gordetzen zutena. Leherketa hartan hil zen Espainiako Poliziako kidea da M-11ko 192. hildakoa.
ARGI-ILUNAK. Galdera asko daude erantzuteko. Adibidez, nork ordaindu zituen erasoak, zer lehergailu mota erabili zuten ekintzaileek, edo zenbat izan ziren atentatuan parte hartu zutenak. Baina galdera horiek ez ezik, zenbaitentzat bada beste zalantza bat ere: parte hartu al zuen ETAk? PP Espainiako Alderdi Popularra izan da batez ere galdera hori bota duena. Manjonek argi du: «Inork [ETA izan zen] frogarik bazuen, 25 hilabete luze izan ditu horiek epaileari eraman eta ikertzeko». Ikertzaileek ez dute, ordea, horrekin lotutako inolako frogarik aurkitu.
Bestelako zurrumurruak ere zabaldu dira ikerketaren inguruan. Martxoaren 11ko gauean kirol poltsa bat aurkitu zuten Vallecasen (Madril), polizia etxearen aurrean. Hurrengo eguneko goizaldean lortu zuten indargabetzea. Poltsa larrialdi zerbitzuek jaso zuten El Pozoko tren geltokian. Konspirazioa egon zela ziotenek argudiatu zuten poltsa hura lehertu zirenetatik desberdina zela metraila zuelako. Baina leherketetako biktimek ere metrailak eragindako zauriak zituzten nonahi. Gero, esan zuten poltsa barruko lehergailua beste norbaitek jarri zuela, atentatua islamistei egozteko. Baina hipotesi hori ere atzera bota zuen Juan del Olmo epaileak, ikerketa luze baten ostean.
LEHEN LEKUKOTZAK. Rabei Osman el Saied galdekatuko dute lehenik. Hala eskatu du Fiskaltzak, argudiatuz horrek erraztu egingo duela prozesua eta salaketak ulertzea. Haren ostean hitz egingo dute Jussef Belhadjek eta Hassan el Haskik. Atentatuen egile intelektualak izatea leporatzen diete hirurei. Haien ondoren etorriko dira bonbak trenetan jartzeaz akusatutako ustezko hiru ekintzaileak: Jamal Zugam, Basel Galiun eta Abdelmajid Bushar. Sei horiekin batera, Jose Suarez Trashorras meatzari espainiarrentzat eskatzen du Fiskaltzak kartzela zigor gogorrena. Zazpientzat 270.600 urteko zigorra eskatzen dute. Orotara 270.875 urte eskatzen dituzte.
Suarez Trashorrasi eta Antonio Torori ekintzaileei lehergailuak saltzea leporatzen diete. Biak Poliziaren informatzaileak ziren 2001. urteaz geroztik. Atentatuak baino urte bat lehenago, ordea, Espainiako Guardia Zibilak ikertu zituen lehergailuekin eta detonagailuekin trafikatzen ari zirela susmatuta. 2003an baita ere, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak gerora Madrilgo atentatuetan parte hartukozuten hainbat lagun ikertu zituzten, baina ez zuten gertatuko zena asmatzen jakin.
Jarraipen zabala izango du gaur goizean hasiko den epaiketak. Epaitegiaren barruan 140 kazetari izango dira, eta kanpoan, berriz, beste 250. Horretaz gain, auzia Internet bidez jarraitu ahal izango da zuzenean. Bestalde, 270 polizia jarri ditu inguruetan 24 orduz, eta Espainiako Gobernuak eraso terroristen kontrako erdi mailako alerta ezarri du.
AuzIa PunTuz PunTu
Delituak eta zigor eskaerakHilketa terrorista. Hilketa bakoitzeko 20 eta 30 urte arteko kartzela zigorra.
Hilketa terrorista saioa. Zauritu bakoitzeko 15 urte.
Hondamen delitua. Hamar eta hogei urte artean.
Talde armatuko kide izatea. Zortzi eta hamalau urte arteko kartzela zigorra.
Talde terroristarekin elkarlanean aritzea. Bost eta hamar urte arteko zigorra. Lehergailuak gordetzea. Lau eta hamar urte artean.
Droga trafikoa. Urtebete eta bederatzi urte arteko kartela zigorra.
Matrikulak faltsutzea. Hiru eta sei urte artean.
Bere buruaz beste egitera bultzatzea. Lau eta zortzi urte artean.
Baimenik gabeko armak edukitzea. Bi eta hiru urte artean.
Autoa lapurtu eta erabiltzea. Urte bat eta hiru urte artean.
Dokumentuak faltsutzea. Sei hilabete eta hiru urte arteko zigorra.
Akusatu nagusiak
Rabei Osman el Saied Ahmed. Alazizia-Samnuden jaio zen, Egipton, 1972ko uztailean. Milanen atxilotu zuten, 2004ko ekainean. M-11ko atentatuen antolatzailetzat du akusazioak. Urte bereko urtarrilean joan zen lehen aldiz Espainiara, ustez atentatuak prestatu eta ekintzaileekin biltzera. 38.656 urteko kartzela zigorra eskatzen dute beretzako.
Hassan el Haski. Gelminen jaio zen, Marokon, 1963ko abuztuan. Lanzaroten, Kanarietan, atxilotu zuten 2004ko abenduan. Marokoko Borrokalari Islamikoen Taldeak Espainian duen adarreko buruzagitzat jotzen dute.Urte bereko otsailean, Siriatik Belgikara joan zen, eta handik Frantziara. Fiskaltzak 38.656 urte eskatzen ditu.
Jussef Belhadj. B'Tuzinen, Marokon, jaioa, 1976ko maiatzean. Belgikan atxilotu zuten 2005eko otsailean. Al Kaedako Al Ansarren Europako adarreko burua dela uste da. Ustez, 2003ko urrian jakinarazi zion Madrileko taldeari noiz izango zen atentatua; eta 2004ko otsailean Espainiara joan zen, azken aginduak jakinaraztera. 38.656 urte eskatzen dituzte.
Biktimak
Kalte-ordainak. Orotara, kalte-ordainak 431,4 milioi eurora irits daitezke. Horietatik, 76,8 milioi hildakoen senideentzat izango lirateke. Orain arte, Espainiako Gobernuak 60 milioi euroko laguntza eman die biktimei.
Herritartasun eskaerak. Atentatuko 200 bat biktimak espainiar herritartasuna jaso dute. Beste 457 biktimak eta 469 senidek Espainian gelditzeko baimena jaso dute.
Epaiketa
Auziaren iraupena. Lau edo bost hilabete iraungo du. Azken erabakia lehen atxiloketak egin zirenetik lau urte igaro aurretik jakinarazi behar dute epaileek, preso dauden akusatuak aske geratuko ez badira.