Gaur goizean hasi dute M-11ko atentatuen epaiketa, Madrilen, 10:32an, eta lehen saioan atentatuen ustezko antolatzaile batek, Rabei Osman el Saiedek, uko egin dio deklaratzeari; bere abokatu Endika Zuluetaren galderak ere erantzun gabe utzi ditu, baina auzitegiko mahaiak atzera egiteko aukera eman dio eta El Saiedek arratsaldean erantzun ditu bere abokatuaren itaunak. "Ez dut aitortzen inolako akusaziorik eta, presidente jaunari eta magistratuei errespeturik handiena izanda, ez dut galderarik erantzungo", esan du El Saiedek goizean. Arratsaldean, berriz, adierazi du ez daukala zerikusirik atentatuekin, eta ekintzok gaitzetsi egin ditu.
29 akusatu daude epaiketan eta, hain zuzen, El Saied izan da deklaratzera deitu duten aurrena, Casa de Campon. 38.656 urteko kartzela zigorra eskatu dute harentzat 2004ko martxoaren 11n 191 hildako eragiteagatik.
Auzia luzea izango da, eta 29 akusaturen, 650 lekukoren eta 98 adituren testigantzak entzun ahal izango dira bertan. Han izango dira biktimetako batzuk ere.
Itxaropentsu daude biktimen elkarteak, nahiz eta argi duten hemen ez dela bidea amaitzen. "Duela hiru urte hasi genuen iraupen lasterketa bateko lehen helmuga da epaiketa hau, eta urrats garrantzitsua da", adierazi du Pilar Manjon Terrorismoaren Biktimen M-11 Biktimen Elkarteko presidenteak. "Hala ere, hankak dardarka ditut akusatuak ikustean".
Mundua
M-11ko atentatuen ustezko antolatzaile batek esan du ez daukala zerikusirik ekintzekin
Gaur goizean hasi dute epaiketa, Madrilen. Rabei Osman el Saiedek esan du ez zuela parte hartu atentatuetan eta ekintzok gaitzetsi egin ditu. 270.600 urte eskatzen dituzte 29 akusatuen aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu