Pakistango Gobernuak atzo iragarri zuenez, Al Kaedako ustezko kide bat hil du aste honetan Quettan eta beste kide bat atxilotu. Atxilotua Mustafa Setmarian Nasar zela zabaldu zen hasieran baina, geroago, hura segurtasun indarren esku egotea zalantzan jarri zuen Pakistango Informazio ministro Rashid Ahmedek. Espainiako Auzitegi Nazionalak dio Madrilgo iazko martxoaren 11ko atentatuen (M-11) antolatzailea izan zen susmoak dituela. Poliziak eta iturri judizialek aitortu dute, ordea, ez zutela horren frogarik. Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak bost milioi dolar eskaini ditu Setmarian atxilotzeko informazioa ematearen truke.
«Ez dirudi atxilotutakoa Al Kaedako goi buruzagi bat denik. Komunikabideek aipatu dutena behintzat ez», esan zuen Ahmedek. Espainiako Baltasar Garzon epaileak Setmarian auzipetu zuen 2003an, Al Kaedak ustez Espainian duen taldeko kidea zelakoan. Garzonen arabera, AEBen aurkako 2001eko irailaren 11ko erasoekin zerikusia izan zuen. Joan zen urtean, Juan del Olmo epaileak haren inguruko informazioa eskatu zuen, martxoaren 11ko atentatuen ikerketako hipotesietako bat baitzen hark antolatu izana. Bestetik, Bruselan, Marokoko Talde Islamiko Borrokalariko ustezko 13 lagun epaitzen hasi ziren atzo. Poliziak Casablancako (Maroko) eta Madrilgo atentatuekin lotzen du taldea. Akusatu nagusiak Abdelkader Hakimi (Marokoko Talde Islamiko Borrokalariko Europako ustezko buruzagia) eta Khalid Bouloudou (Belgikako ustezko buruzagia) dira. Epaitzen ari diren 13 lagunez gain, beste bosti ere Marokoko Talde Islamiko Borrokalariko kide izatea leporatu diete. Alabaina, Siria, Maroko eta Espainian atxilotuta daudenez, Bruselak ez ditu auzipetuko herrialde horietan epaituak izan arte.Auzipetu dituzten 12 lagun Flandesko Maseik eta Brusela hirietan atxilotu zituzten, joan den urteko martxoa eta ekaina bitartean. Atzerrian atentatuak antolatzen saiatzeaz akusatu ditu fiskaltzak. Poliziak adierazi du ez haien etxeetan egindako sarekadetan ez ziela erasorik egiteko planik aurkitu, ez armarik, ez lehergailurik ere. Aldiz, Madrilgo eta Casablancako atentatuetan parte hartu zuten ekintzaileei aterpea eman zieten frogak dituela dio.
M-11ko ustezko antolatzailea atxilotu izana zalantzan
Islamabad ez dago ziur atxilotua Mustafa Setmarian dela; Madrilgo Poliziak dio ez duela martxoaren 11rekin lotzeko frogarik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu