Ruandako genozidioa

Macronek aitortu egin du Frantziak Ruandako genozidioan izandako «erantzukizuna»

Paris «erregimen genozida baten alboan» egon zela onartu du Frantziako presidenteak, baina ez du barkamenik eskatu.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, Ruandako hiriburuan, hitzaldia ematerako unean. BERRIA
ander perez zala
2021eko maiatzaren 27a
12:49
Entzun

Ruandako hiriburuko genozidioaren oroitarrian, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak beste pauso bat eman du bere herrialdearen rola onartzean. Agintariak aitortu egin du Frantziak «erantzukizuna» duela Afrikako herrialde horretako genozidioan, baina, karguan haren aurretik aritutakoek egin bezala, ez du barkamenik eskatu: «Frantziak aitortzen du ruandarrei eragin dien sufrimendua. Ez da konplize izan, baina denbora luzeegiz lehenetsi du isiltasuna egiaren azterketari buruzko auzian».

Macronek Ruandarako bisita ofizial batean egin ditu adierazpenok, 150 bat lagunen aurrean; Frantziako Gobernuak bi herrialdeen arteko «harremanen normalizazioaren azken etapatzat» aurkeztu du hitzaldi hori, eta baliteke esaldi horiek erabaki diplomatiko batzuen atarikoa izatea. Horretarako, agintariak aitortu egin du Frantziak «rol bat, historia bat eta erantzukizun politiko bat» dituela Ruandan, «ehunka mila biktima abandonatu» zituztelako. 1994an, ehun eguneko epean, 800.000 eta milioi bat zibil artean hil zituzten.

Macronen aurretik, soilik Nicolas Sarkozy joan zen Afrikako herrialdera genozidioaz aritzera, 2010ean, baina ez zuen lortu bi estatuen arteko harremana normalizatzea, hura Macron baino atzerago geratu baitzen Frantziaren arduraz aritzean; zehazki, Sarkozyk adierazi zuen bere herrialdeko agintariek «hutsegite larriak» izan zituztela, eta 1994an «itsutasun mota bat» izan zutela.

Urte hartako apirilaren 7an, muturreko hutuek tutsien eta hutu moderatuen aurkako genozidioa hasi zuten, eta, ehun eguneko epean, 800.000 eta milioi bat zibil artean hil zituzten. Horrez gain, ehunka mila laguni bizi osorako ondorio fisiko eta psikologikoak eragin zizkieten; milaka emakume bortxatu zituzten; ehunka mila haur umezurtz geratu ziren; eta beste hainbestek ihes egin behar izan zuten.

Genozidioak ondorio lazgarriak izan zituen Ruandan: gizartearen kohesioa eta eraikuntza erabat suntsitu zituen, eta hautsi egin zuen ruandarren batasuna eta elkarrekiko konfiantza. Gertakari horren 25. urteurrenaren harira emandako elkarrizketan, Guillaume Ancel Frantziako armadako kide ohiak BERRIAri adierazi zion «sinetsita» dagoela bere belaunaldiak «eragotzi behar zuen genozidio bat izan» zela: «Kontrakoa egin genuen: genozidioa egiten ari zirenei armak eman genizkien, genozidioaren aurretik eta genozidioaren ondoren. Erabakitzaile politikoak guztiz nahastu ziren».

Ondorio horretara heldu da Parisek agintaldi honetan eskaturiko txostena ere. Vincent Duclert historialariak koordinatu du, eta iragan martxoan atera zuten argitara; bertan diote 1994ko Frantziako presidente François Mitterrand eta haren ingurukoak «itsututa» egon zirela Ruandako Gobernuak hartu zituen erabakien aurrean; hala, Frantziak «ardura pisutsu eta lehergarriak» dituela ondorioztatu zuten.

Txosten horren aurrean, Paul Kagame Ruandako presidenteak adierazi zuen «oinarri sendoak finkatu» zituela bi herrialdeen arteko harremana hobea izateko; esan zuen garai horretan bi estatuek «normalizaziorako lanaren %85-90 artean» egin zutela azaldu zuen.

Aljeriarekin egin bezala

Macronek Frantziaren iragan kolonialari heldu dio bere agintaldia hasi zuenetik, eta, batez ere, Ruandari eta Aljeriari begira egindako lanek izan dute oihartzunik handiena; 2017an, Martxan! mugimenduaren presidentegai zenean eta hauteskundeetarako hiru hilabete falta zirela, Macronek hara egindako bidaia batean adierazi zuen «kolonialismoa gizateriaren kontrako krimen bat» dela.

Baina, Frantziaren erantzukizuna eta hilketa batzuen aitortza onartzeaz gain, agintariak ez du herritar askok exijiturikoa egin: barkamena eskatzea. Eliseotik, aurten ere errealitate hori oroitarazteaz arduratu dira, eta, hortaz, gaur Ruandan emandako hitzaldia ez da Macronek harturiko eta zehazturiko bidetik batere atera.

Esaldi hau adieraztean egon da Afrikako herrialdeari barkamena eskatzetik hurbilen: «Soilik gaua zeharkatu dutenek ahalko dute, agian, barkamena eman, gu barkatzearen dohaina helarazi, biharamun berriak elkarrekin eraikitzeko». Kagamek, halere, aitortu du Frantziako presidentearen hitzaldia «indartsua» izan dela, eta bere hitzek «barkamena baino balio handiagoa» izan dutela, «egia» esan duelako: «Arriskutsua da, baina justua delako egiten dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.