Datorren igandean lehenengo itzuliko emaitzak berretsiz gero, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak gehiengo zabala lortuko du Frantziako Asanblean. Botoen %98 zenbatuta, Errepublika Martxan babesten duten zerrendek botoen %32,3 eskuratu dituzte lehen itzulian, eta 390 eta 430 ordezkari artean lor ditzake bigarrenean. 577k osatzen dute legebiltzarra, eta, beraz, eroso gobernatuko luke Macronek.
Errepublikanoak izan dira bigarren indarra, UDIrekin batera, %18,8 boto lortuta. 70 eta 110 diputatu artean lor ditzake. Duela hilabete, Fronte Nazionala izan zen bigarren itzulira igaro zena, baina, legebiltzarrerako bozetan, hirugarrena izan da, botoen %13,3 jasota. Ipsosen arabera, 1-5 parlamentari lor ditzake.
Jean Luc Melenchonen Frantzia Intsumisoak ere nabarmen egin du atzera presidentzialetako bozekin alderatuta, %19tik %11ra igaro baita. Alderdi Sozialistak ez du burua altxatu, eta botoen %7,8 lortuta, bosgarren indarra da. Orain arte, legebiltzarreko ordezkarien erdiak zituen PSk, baina 20-30 inguru izan ditzake datorren igandean.
Abstentzioa, azken urteetako altuena
Parte hartzeak nabarmen egin du behera, %48,7koa izan da, eta 2012an, berriz, %57,22koa izan zen. Handiagoa da aldea, Frantziako presidentetzarako bozen lehen itzuliarekin alderatuta; apirilaren 23an, %80 inguruk eman zuten botoa.
Abstentzioari bere horretan eusiz gero, eragina izan dezake bigarren itzuliko emaitzetan. Izan ere, eserlekua lortu ahal izateko lortu beharreko portzentaia altuagoa da, parte hartzea zenbat eta baxuagoa izan. Horretaz gain, alderdien finantzaketan ere badu eraginik, talde bakoitzak lortutako botoen araberakoa baita hura.
Nabarmentzekoa da, abstentzioa altuagoa izan dela 35 urtez beherakoen artean (%64), 60 urtez gorakoen artean baino (%35). Bide beretik, askoz gutxiago izan dira bozkatzera joan diren langileak (%34), enpresariak baino (%55).