Frantzia

Macronek gobernu berrian mantenduko ditu orain arteko ministro gehienak

Dupond-Moretti abokatu ezaguna da berrikuntzetako bat. Justizia ministro kargua hartuko du. Hogei ministro izango dira guztira. Horietatik, lau kide dira berriak gobernuan.

Eric Dupond-Moretti, Frantzia Justizia Ministro berria, Parisko Auzitegian. YOAN VALAT / EFE
Jone Bastida Alzuru - Gorka Berasategi Otamendi
2020ko uztailaren 6a
20:14
Entzun

Frantziako Gobernu berria osatuko duten ministroen zerrenda  jakinarazi dute, eta hautaketak agerian utzi du Macronek orain arteko gobernu kideen esku utziko dituela aurrerantzean ere ardurarik garrantzitsuenak. Hogei ministrok osatuko dute exekutibo berria –aurreko aldian baino ministro bat gehiago izango da–. Horien artean, lau dira soilik kide berriak: Roselyne Bachelot Kultura ministroa, Barbara Pompili Trantsitzio Ekologikorako ministroa, Amelie de Montchalin Funtzio Publikoaren Eraldaketarako ministroa eta Eric Dupond-Moretti Justizia ministroa.

Azken hori aski ezaguna da Frantzian, azken urteotan politikan eta hedabideetan oihartzun handia eduki duten kasuetan aritu baita abokatu gisa. Besteak beste, Bernard Tapie enpresaburuaren auzian, Abdelkader Merah islamistarenean, eta Julian Assange kazetariarenean.

Gainerako hamaseiak, aurretik gobernuan zeuden ministroak dira. Horietatik, zazpik ardura berriak izango dituzte hemendik aurrera. Gerald Darmaninek, Barne ministerioa gidatuko du, Elisabeth Bornek Lan ministerioa, Franck Riesterrek Atzerriko Merkataritza ministerioa, Julien Denormandiek Nekazaritza ministerioa, Sebastien Lecornuk Itsasoz Haraindiko ministerioa eta Annick Girardinek Itsasoko ministerioa.

Beren orain arteko karguan jarraituko dute, berriz, Florence Parlyk –Defentsa–, Olivier Veranek –Osasuna–, Jean-Michel Blanquerrek –Hezkuntza–,  Bruno Le Mairek –Ekonomia–, Jean-Yves Le Drianek –Europa eta Atzerri Gaiak–, Frederique Vidalek
–Ikerketa eta Berrikuntza–, Jean-Baptiste Djebbarik –Garraioa– eta Jacqueline Gouraultek –Lurralde Kohesioa–.

Lehen ministroaren gertukoak izango dira Elisabeth Moreno Berdintasun ministro ordezkaria eta Marc Fesneau Parlamentuarekiko Harremanetarako ministro ordezkaria.

Macronek gobernuari norabide berri bat ezarri nahi diola esana zuen aurretik. Ziurtatu du agintaldiaren azken urteetan lehentasun izango duela koronabirusak eragindako krisiari aurre egitea. «Nire politikaren ardatza 2017an ezagutarazi nuen proiektuak izaten segitzen du. Baina nazioarteko aldaketetara eta bizitzen ari garen krisira egokitu behar da: bide berri bat markatu behar dugu», adierazi zuen estatuburuak.

Bi urte barru egingo diren presidentetzarako bozei begira ere egin du gobernu hautaketa. Kartak aldatu behar izan ditu duela bi aste herriko bozetan Errepublika Martxan bere alderdiak jaso zuen astinduaren ondoren, eta mezua ere moldatu du egoera berrira. Presidenteari ez zaio oharkabean pasa berdeek udal bozetan izan duten gorakada.

Hala, iragarri du helburu izango dituela gizarte politikak eta ingurumenari lotutako neurriak sustatzea ere, eta «ordena errepublikano justua berrezartzea» nahiz «Europako subiranotasuna babestea».

Macronen adierazpenak tentuz hartu dituzte baina EELV alderdi ekologistan. Berdeek argitu zuten ez zutela presidenteak iragarritako gobernu berrian parte hartuko. EELVko eurodiputatu David Cormanden iritziz, ez dago sinesterik ingurumena eta gizarte gaiak gobernuaren egiazko lehentasun direnik.

Egokitze testuinguru horretan aukeratu zuen Macronek Frantziako lehen ministro berria, joan den ostiralean: Jean Castex kontserbadorea hautatu zuen kargurako, Edouard Philippen tokia har dezan. Philippek dimisioa aurkeztu zuen joan den ostiralean, deseroso zebilelako gobernuburu lanetan, Macronekin zituen desadostasunak tarteko.

Castex lehenengo egunetik agertu da parlamentuan gehiengo zabala osatzen duten Martxan, MoDem, Agir eta beste talde txikiago batzuen arteko elkarrizketa sustatzearen alde, eta adierazi du horiekin duen harremana dela «garrantzitsuena», eta horri eutsiko diola. Indar horietako ordezkariekin biltzen hasi zen atzo.

Martxan 281 diputaturekin gelditu da Asanblea Nazionalean, azken asteetan hainbat ordezkarik taldea utzi ostean. Modu horretan, Macronen alderdia gehiengo osorako behar dituenak baino zortzi diputatu gutxiago dauzka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.