Macronek gogoeta prozesu bat hasi du legealdian zer egin argitzeko

Frantziako presidenteak gaur amaituko ditu kontsultak oposizioko alderdiekin; LRk berretsi dio «itun logikatik» kanpo dagoela. Estatuburuak ez du onartu Borne lehen ministroaren dimisioa

MOHAMMED BADRA / POOL / EFE.
ander perez zala
2022ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Asanbleako gehiengo osoa galdu ondoren, Emmanuel Macron Frantziako presidentea gehiengo baten bila ari da: maniobretarako garaia da. Egoera, ordea, hain da desberdina, bestelakoa, Macronek ez baitaki zer egin, zer ereduri jarraitu, eta horregatik nahi izan du ekimena berriz hartu. Frantziako estatuburuak duela hilabete batzuk iragarri zuen «metodo berri bat» nahi zuela agintzeko, eta, azkenean, boto emaileek behartu dute hori garatzera. Estatuburua ez da oraindik mintzatu jendaurrean bozen emaitzez eta horiek utzitako testuinguruaz, oraingoz gogoeta prozesu batean baitago legealdian zer egin argitzeko. Agintaldirako itun bat izan daiteke aukera bat; akordioak kasuz kasu negoziatzea bestea; eta behe ganbera desegin eta bozetara deitzea hirugarrena.

Macronek atzo abiatu zituen kontsultak oposizioko alderdiekin, agintaldirako duten ikuspuntuaren eta estrategiaren berri izateko. Aldi berean, gobernua Matignonen elkartu zen, eta, bilera horren ondoren zenbait ministrok azaldu zutenez, badirudi Frantziako presidenteak gehiengo bat osatzea duela lehentasun; horretarako, haren aliantzarenak ez diren 45 diputaturen babesa beharko du bozketa bakoitzeko.

Bruno Le Maire Ekonomia ministroak esandakoaren arabera, Macron eta haren lantaldea «gobernatzeko prest» daude, eta, Frantziako presidentearen aliatu eta Modem Mugimendu Demokratikoa alderdiaren buruzagi François Bayrouk gehitu zuenez, estatuburua «bide bat bilatzen ari da sekuentzia hau baliagarria» izan dadin. «Ahalik eta gehien hurbildu behar dugu batasun nazionalera», esan zuen Bayrouk.

Printzipioz, LR Errepublikanoak eskuindarrarekin —64 diputatu ditu— aliantza egitea litzateke pausorik errazena Frantziako presidentearentzat, baina LR-ren buruzagi Christian Jacobek —uztailean utziko du kargu hori— atzo Macroni aurrez aurre berretsi zion «itun logikatik» kanpo daudela. Hori bai, ate bat irekita utzi zuen: «Ez ditugu inoiz blokeatuko erakundeak».

Antzeko mezua izan zuen Frantziako presidentearentzat PS Alderdi Sozialistaren lehen idazkari Olivier Faurek. Haren ustetan, Macronek ez duenez gehiengo osorik Asanblean, «bizitza politikoa parlamentarizatu beharko du» estatuburuak: «Emmanuel Macroni esan diot herrialdea ez dagoela blokeatuta».

Behe ganberako auzia bideratzeaz gain, Frantziako presidenteak erabaki behar du nolakoa izango den hurrengo gobernua. Hango hedabideek atzo jakinarazi zutenez, Elisabeth Borne lehen ministroak dimisioa aurkeztu zion Macroni, baina hark ez zuen onartu, gobernuak «lanean eta jardunean» jarraitu dezan. Halere, ikusteko dago Bornek legealdi osoan jarraituko duen karguan; behintzat, Olivia Gregoire eledunak atzo azaldu zuen datorren astera arte segituko duela gobernuburu postuan.

Talde parlamentarioak

Diputatuak herenegun eta atzo iritsi ziren Asanbleara, eta gaur osatuko dituzte talde parlamentarioak. Printzipioz, ezkerreko alderdiak ez dira talde bakarrean elkartuko, PCF Frantziako Alderdi Komunistako diputatu Andre Chassaignek atzo berretsi zuenez. Zehazki, itsasoz haraindiko sei diputaturekin batera, komunistek «gutxienez hemezortzi» ordezkari politikoko talde bat eratuko dute behe ganberan.

Jean-Luc Melenchon LFI Frantzia Intsumisoko buruzagiak egin zuen proposamena, herenegun, baina Fabien Roussel PCFren idazkari nagusia ideia horren kontra agertu zen atzo ere —Faurek eta Julien Bayou ekologistak iritzi bera dute—. Hortaz, ezustekorik ezean, Marine Le Penen RN Batasun Nazionala izango da oposizioko lehen alderdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.