Eszena ikusgarria da. 4 urteko ume bat laugarren pisuko balkoi batetik zintzilik, esku bakarrarekin helduta, erortzeko arrisku bizian; eta haurra ahitu aurretik, gazte bat eraikinean gora, balkoitik balkoira saltoka, trebezia eta indar harrigarriz. Pelikula bat izan zitekeen, baina joan den larunbatean gertatu zen, Parisen, 18. barrutian. Gaztearen balentria bideoz grabatu zuen lekuko batek, eta milioika ikustaldi ditu jada.
Haurra erreskatatu duen gaztea Mamoudou Gassama da, Frantzian legezko paperik gabe bizi den maliarra. Bere balentriarengatik, Eliseoan hartu du gaur Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, eta Frantziako herritartasuna eman dio.
Anne Hidalgo Parisko alkateak ere Gassama zoriondu du bere Twitter kontutik. "Zorionak Mamoudou Gassamari haur baten bizia salbatu duen ausardia ekintzarengatik". Harekin telefonoz hitz egiteko aukera izan duela azaldu du.
Un grand bravo à Mamoudou Gassama pour son acte de bravoure qui a permis de sauver hier soir la vie d'un enfant. J'ai eu plaisir à m'entretenir avec lui aujourd'hui par téléphone, afin de le remercier chaleureusement. https://t.co/DP5vQ1VZYh
— Anne Hidalgo (@Anne_Hidalgo) 2018(e)ko maiatzaren 27(a)
Alkateak gaineratu duenez, Malitik Frantziara joan zen Gassama duela zenbait hilabete, bere bizia herrialde horretan erakitzeko ametsarekin. "Erantzun diot bere keinu heroikoa herritar guztiontzako eredugarria dela eta Parisko hiria, noski, prest egongo dela Frantzian errotzeko egiten ari den ahaleginean laguntzeko".
Gassama ospitalera eraman zuten erreskatatutako haurrarekin batera, balentriaren ondoren. Belaunean du min. Haurra shock egoeran eraman zuten ospitalera. Umearen aita, berriz, poliziek atxiki dute; umea etxean utzikeriagatik abandonatuta ote zegoen ikertzen ari dira.
"Eskerrak Jaungoikoari, haurra salbatu ahal izateagatik", adierazi du gazte maliarrak.