Nicolas Hulot Ingurumen ministroaren eta Gerard Collomb Barne ministroaren dimisioen ondotik, azken asteetan denen ahotan zen Frantziako Gobernuaren aldaketa. Lehengo ostiralerako iragarria zuen Frantziako prentsak, baina gaur goizean jakinarazi dute azkenean, agiri bidez. Hauek dira orain artekoari begira izanen diren aldaketa nagusiak:
-Orain arte gobernuko bozeramailea zen Christophe Castaner izanen da Barne ministroa, eta ondoan izanen du Laurent Nuñez, estatu idazkariaren karguan –Baionako suprefeta izan zen 2010 eta 2012 artean–.
-Jacqueline Gourault Lurraldeen ministroa izanen da, eta ondoan izanen ditu Sebastien Lecornu eta Julien Denormandie.
-Kulturan, Françoise Nyssen ordezkatzeko, Franck Riester ezarri dute, azken hilabeteetan hainbat eztabaidak zipriztindu dutena.
-Laborantza Ministerioa Didier Guillaumek hartuko du, senatari sozialisten buru ohiak.
-Azkenik, Marc Fesneau arduratuko da gobernuaren eta parlamentuaren arteko harremanez, Edouard Philippe lehen ministroaren ondoan.
Azken hilabeteetan gorabehera handiak izan ditu Frantziako Gobernuak, eta Benallaaferarenondotik Hulotek eta Collombek dimisioa eman izanak ahulduta erakutsi dute Emmanuel Macron presidentea. Azken asteetan, ezkerreko zein eskuineko politikari batek baino gehiagok jakinarazi du Frantziako Gobernuan sartzeari uko egin izan diola.
Halaber, deigarria da gobernu aldaketa jakinarazteko modua ere: lehen ministroaren ala gobernuko bozeramailearen ohiko mintzaldiaren ordez, agiri baten bidez jakinarazi dituzte ministro berriak; oraingoz, ez da gobernuaren adierazpen publikorik iragarria.