Frantzia

Macronen alderdiak gehiengo osoa galdu du Asanblea Nazionalean

LREMren hamasei diputatu ohik eta PSren ministro ohi batek talde parlamentario bat sortu dute: ez dira «ez oposizioan ez gehiengoan» egongo. Frantziako presidenteak MoDem eta Agir aliatuen babesa du oraindik.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, artxiboko irudi batean. EFE
ander perez zala
2020ko maiatzaren 19a
10:37
Entzun

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak sinesgarritasun eta autoritate politikoa galdu du gaur, batez ere bere alderdikideekiko. Agintean dagoela hiru urte pasatu direla, Errepublika Martxan (LREM) bere alderdiak kolpe gogorra jaso du Asanblea Nazionalean, 2017ko hauteskundeetan eskuratu zuen gehiengo osoa galdu baitu: LREMko zazpi diputatuk, alderdiko bederatzi ordezkari ohik eta ministro ohi batek talde parlamentario berri bat osatu dutela jakinarazi dute, «Ekologia, Demokrazia, Elkartasuna» deiturikoa.

2016an eta 2017an Macronen alderdian sartu ziren politikari horietako batzuk dira talde berria osatu dutenak, batez ere Alderdi Sozialistatik (PS) etorritakoak, eta LREMren sektore ezkertiarrena ordezkatzen zutenak. Frantziako presidentearen alderdian oihartzuna izan duten diputatuetako batzuk dira: Matthieu Orphelin —Nicolas Hulot Macronen Trantsizio Ekologikorako ministro izandakoaren aliatua— eta Paula Forteza LREMren diputatu ohia izango dira taldearen presidenteak, eta Cedric Villani —Parisko udal bozetan LREMren hautagai disidentetzat zutena— eta Delphine Batho —PSren Ekologia ministro izandakoa— presidenteordeak.

Talde berria osatzen duten diputatu guztiek badute zerbait komuna: une batean edo bestean kritiko agertu direla Frantziako presidentearen jarrerarekin edota agintaldian sustatu nahi izan dituen neurriekin, eta hori bera agerian utzi dute euren lehentasunen berri ematerakoan.

Besteak beste, «aldaketa sozial eta ekologikoa lortzeko anbizio indartsua» izango dute: «Asanblea Nazionalean gehiago eta askoz hobeto egin dezakegu. Larrialdi ekologikoari erantzun behar zaio, demokrazia modernizatu, eta lurralde eta gizarte desberdintasunak txikitu», adierazpen politikoan jaso dutenez.

Asanblean izango duten garrantziaz, diputatuek adierazi dute ez direla «ez gehiengoan ez oposizioan» egongo, eta jarrera «eraikitzailea» izango dutela. Hau da, iradoki dute kasuaren arabera gobernuaren lege proiektuen alde egiteko prest daudela.

Talde berria aurkezteko prentsaurrekoan, Orphelinek adierazi du zatiketa politikoak gainditzeko garaia dela, are gehiago koronabirusaren garaian: «Koalizio talde bat izango gara, proposamenena».

Duela hiru urteko hauteskundeetatik, LREMren diputatu kopuruak behera besterik ez du egin: orduan 314 diputatu eskuratu zituen, baina iragan asterako 295ra jaitsi zen kopurua, eta, talde berriaren osaketarekin, Macronen alderdia 288rekin geratu da, gehiengoa osoa 289 ordezkaritan dagoela.

Halere, taldearen presidenteordeak adierazi du datozen asteetan diputatu gehiago batuko zaizkiela. Hasieran, 50-60 ordezkari artean bilduko zirela zabaldu zen, baina, barne presioen ondorioz, azkenean diputatu gutxiagok eman dute pausoa.

Fortezaren arabera, orain hartu beharreko erabakiak «justizia sozialean» oinarritu behar dira, eta ez soilik neurri ekonomikoetan, Frantziako presidentearen joerari erreferentzia eginez: «Krisi honek ez ditu desberdintasunak handitu behar. Herritarrei ez zaie eskatu behar lan gehiago egiteko».

Esan horiekin, Eliseoaren bidea aldatzeko asmoa utzi dute agerian talde berriko diputatuek, erabakiak «modu bertikalean» har ez daitezen, baina, adierazpen politikoan argudiatu bezala, horrek ez du esan nahi gobernuaren alde jarri ezin direnik.

2017ko promesak

Hubert Julien-Laferriere talde berriaren bozeramaileak, gainera, azaldu du «geroz eta zailagoa» dela LREMn bere ideiak defendatzea, eta horregatik atera dela Macronen alderditik: «Gu ez gara ari 2017ko promesetatik aldentzen. Bai, Macron Eliseora eraman zuen dinamikak hautatu egin ninduen, baina hori izan zen trantsizio ekologikoan eta ariketa demokratikoen sakontzean azkarrago joan behar zela zioen programa bati esker».

Gehiengo osoa galduta, Frantziako presidentearen etorkizuna François Bayrouren esku geratu da. Mugimendu Demokratikoa (MoDem) alderdiaren buruzagia Macronen aliatua izan da duela hiru urteko hauteskundeetatik, eta, oraingoz, hura babesten jarraitzeko asmoa du. MoDemek 46 diputatu ditu Asanblean, eta, beraz, Frantziako presidenteak sinbolikotzat jo lezake gaurko galera, datozen hilabeteetan babes horrek bere horretan jarraitzen badu. Ez hori bakarrik: Agir alderdiaren hamar ordezkarien babesa ere izan lezake.

Halere, Macronen irudiari kalte egin dio talde berriaren osaketak, batez ere egungo testuinguruan, batasun itxura eman eta alde guztiak batu ditzakeela erakutsi nahi duenean. Richard Ferrand Asanbleako presidentea (LREMekoa) erabakiaren kontra agertu da, zatiketak egiteko garai txarra dela argudiatuta: «Ez da horretarako garaia».

2017an agintera iritsi zenetik, Frantziako presidenteak hainbatetan errepikatu du bere helburua bozetako programa betetzea dela. Baina, urteok erakutsi dutenez, arrazoi batengatik edo beste batengatik, ez da gai izan arrakastarik izateko: kasurako, erretreten erreforma etenda dagoela, baita konstituzioarena eta erakundeena ere.

Gehiengo osoa galduta, MoDem eta Agir alderdien eragiteko gaitasuna handitu egin da, eta litekeena da Macronek kontzesioak egin behar izatea halakorik eskatzen badiote. Oraingoz, Eliseotik ez dute adierazpen ofizialik egin talde parlamentario berriaren sorreraz; Jean-Yves Le Drian Atzerri ministroak, berriz, deitoratu egin du talde berriaren osaketa, argudiatuta LREM barruan «sentsibilitate guztiak elkarrekin bizi» daitezkeela.

Halere, Le Drianek garrantzia kendu dio gertakari horri, gobernuaren Asanblea Nazionaleko gehiengoa arriskuan ez dagoelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.