Lan erreforma

Macronen lan erreformen kontra lau mila lagun elkartu dira Baionan

Karrikara atera dira berriz eragile politiko, sozial eta sindikalak, Frantziako Gobernuak iragarri dituen erreformak salatzeko. Lan legearen kontrako Jusqu’au Retrait kolektiboaren eredua atxikiz, Fronte Soziala osatu dute Ipar Euskal Herrian, aldarrikapen zabalagoekin. Gure askatasunentzat gure eskubide sozialentzat lelopean, manifestazioa egin dute goizean, Baionan. Bideoa: Ipar Euskal Herriko Hitza [youtube]https://youtu.be/_bsRjksCXSw[/youtube]

Ekhi Erremundegi Beloki.
2017ko irailaren 12a
07:40
Entzun

Macronen lan erreformaren kontra Ipar Euskal Herrian osatu duten Fronte Sozialak 2.000 lagun elkartu ditu bere lehen mobilizazioan. 10:30ak joak zirela abiatu dute bidea, euripean. Antolatzaileak pozik agertu dira, beraien datuen arabera lau mila lagunek parte hartu baitute manifestazioan. Hainbat pankarta erakutsi dituzte mobilizazioan, eta Grenet zubian geldialdia ere egin dute, trafikoa oztopatzeko asmoz.

Mobilizazioaren amaieran, bilera egin dute Fronte Sozialeko kideek, aurrerantzean jarraitu beharreko urratsez hitz egiteko. Izan ere, Menane Oxandabaratz EHBaiko eta Foro Sozialeko kideak azpimarratu duenez, Macronen asmoetan badira lan erreformaz aparteko gaiak ere borrokatzeko.

Hainbat sindikatu, alderdi eta elkarte ordezkatzen dituen kolektiboak Frantziako Estatuko mobilizazio egun berean salatu ditu Emmanuel Macronen gobernuak egin nahi dituen erreformak. “Macronen gerla antisoziala” izendatu dutenaren baitan hainbat neurri salatu ditu kolektiboak: “Enpresa mailako negoziazioa lehenestea lan eskubideen norma finkatzeko, lan kodearen eta sektoreetako geriza geldiaraziz” edo, oro har, “lan kontratuen, lan baldintzen, soldaten araugabetze prozesua segitzea” egozten diote gobernuari.

Fronte Soziala

Fronte Sozialak izena aldatu badu ere, formula ez da berria. Lan legearen kontra muntatu zen Jusqu’au Retrait kolektiboaren jarraipen bezala aurkeztu dute Ipar Euskal Herrian eratu den Fronte Soziala. Osatzen dutenak ere berberak dira: Aitzina, AKM Karl Marxen Lagunak, Miarritzeko Lurralde Langileen CGT, EELV, EHBai, Indar Beltza, LAB, NPA Pays Basque eta Solidaires —horiez gain, beste eragile batzuetako kideek ere parte hartzen dute—. “Uste dut kolektiboaren indarra bere aniztasuna zela: sindikatu eta eragile anitzetako kideak zeuden, eta baita jende autonomo andana ere”, esplikatu du Laurent Tasca Solidaires sindikatuko kideak.

Lan legearen kontrako mobilizazioetan, goizeko seietan hitzordua eman eta ekonomia blokeatzeko ekintza deigarriak egin zituzten Jusqu’au Retrait kolektiboko kideek. Besteak beste, Mugerreko pleita gunea (Lapurdi) eta Miarritzeko autobideko ordainlekua (Lapurdi) blokeatu zituzten, eta Baionako suprefeturara sartzen ere entseatu ziren. “Antolakunde sindikal handietatik askatu eta gure ideia propioak genituen, eta inork diktatu gabe aitzinatzen ginen. Ekonomia blokeatzeko ideiak izan genituen, agian, CGTren desfile tradizionala baino gauza erradikalagoak egitea, bestelako gogoak. Sindikalismoa anitz garatu da, baina denek uste duguna da sindikatuek ez dutela garapena segitu, eta beste zerbait egin behar dela”.

“Lan zuzenbidearen erreforma garrantzitsu bat bada, eta pentsatzen dugu ez doala batere zentzu onean; malgutasun handiagoa ematen du, eta langileen babesari kalte egiten dio”, salatu du Sophie Bussiere abokatu eta EELVko arduradunak. Hori da irailaren 12an karrikara ateratzera bultzatu dituena. Baina Fronte Soziala aldarrikapen zabalagoekin sortu da, Frantziako Gobernuak aurreikusiak dituen aldaketak oztopatzeko asmoz. “Kezka handiarekin ikusten dugu. Orain arte hartu diren lehen neurriek arranguratzen gintuena erakutsi dute: askatasunen murriztea, pertsona ahulenen gehiago ahultzea, nagusiaren peko den langilea, ikaslea, erretretaduna… aitzineko legealdiaren bide bera hartzen ari da”. Ingurumenaren arloan ere kezkatua da Bussiere; Nicolas Hulot Ekologia Ministro izendatu badute ere, alarma gorriak piztuak direla dio. “Laborantza biologikoari eman laguntzak izoztu dituzte, agro-industriari botere gehiago eman diote… Oraingoz, ekintzei dagokienez, urrun gara”, salatu du EELVko arduradunak.

Mobilizazio gaitasuna

Porrot batekin bukatu zen lan legearen kontrako mobilizazioa. Hilabeteetako gatazkaren ondorioz, Frantziako Gobernuak dekretuz onartu zuen, eta udako pausaren ondoren azken mobilizazioa antolatu bazuten ere, sindikatuek amore eman behar izan zuten. Hauteskunde urteak ere anitzen indarrak ahitu ditu; Parisen izan diren Fronte Sozialaren lehen mobilizazioek arrakasta urria izan dute.

Azken inkestek erakusten badute ere herritarren gehiengo bat Frantziako Gobernuak aitzina eraman nahi dituen erreformen kontra dela, mobilizazio gaitasunak duda anitz sortu du. “Lehengo urtean mobilizazio garrantzitsu bat izan zen, leku guzietan; ez agian kopuru aldetik, baina, gobernuak sinetsarazi nahi digunaren kontrara, ez da gutxiengo bat karrikan delako gehiengo bat alde dela”, azaldu du Bussierek. Haren arabera, langile anitzentzat gero eta zailagoa da greba egitea: “Beren lana galtzearen beldur dira, edo ekonomikoki ezinezkoa zaie. Iaz greba egun guziak egin dituztenek hamar lansari egun baino gehiago galdu zituzten. Bada zerbait”.

Garai batean Frantziako Konstituzioko 49-3 artikuluarekin, orain ordenantzekin, Bussieren iritziz ondorioa bera da: “Legebiltzarra desagertu da, ez du ezertarako balio”. Horregatik, mobilizazio ereduari buruzko hausnarketa abiatu dutela adierazi du, baita mobilizazio egunei buruzkoa ere: “Iaz anitz izan ziren”. Baikorragoa da Tasca. “Iaz ere erran ziguten pentsaezina zela, saihetsezina zela, txikiegiak ginela borroka egiteko, aitzinetik ikusia zela… Gauza anitz erran digute, baina guk ez ditugu sinetsi, ez ditugulako sekula sinesten. Motibatuak gara, determinatuak”. Lan legearen kontra iazko udan egin zuten azken ekintza ekarri du gogora; PS alderdiak egitekoak zituen udako unibertsitateak oztopatu zituen Kanbon (Lapurdi). “Nehork ez zuen sinesten, Frantzia mailan ez du nehork egin; guk bai. Gurean sinesten dugulako eta borrokarako grina dugulako. Eta beti izpiritu bera atxikitzen dugu: ez sindikatu handiak bezain autoritario eta zorrotzak, baina beti determinatuak. Eta, hala, beste antolakunde handi batzuetako militanteak guregana hurbiltzea lortu dugu”.

Batasun falta

Baina militanteen nekea ez da izanen mobilizazioa bultzatu nahi dutenen zailtasun bakarra. Presidentetzarako eta legebiltzarrerako hauteskundeek Frantziako ezkerra zatitu dute, eta, osotasun baten irudia eman ordez, arras barreiatua ageri da. François Hollanderen agintaldian bezala, CFDT sindikatuak ez du lan legearen kontrako jarrera irmorik hartu, eta ez du mobilizazioetan parte hartuko, baina ezta FO sindikatuak ere, negoziazioetan lorpen batzuk izan dituztela argudiatuta. Halaber, gaurko mobilizazioetan parte hartzera deitu badu ere, Frantzia Intsumisoak bere mobilizazioa antolatu du, irailaren 23rako, Parisen. “Orain arte ez dugu lortu fronte bateratu bat osatzen: iazko mobilizazioetan ere ikusi genuen, sindikatu bakoitzak bere blokea zuen, ez zegoen batasunik. Eta, orain ere, makur berak ikusten ditugu. Ondorioa da erreforma horiek guztiak pasatuko direla, eta, ondoren, lorpen horiek berreskuratzeko borrokatu beharko gara, aitzinatu ordez”, deitoratu du Bussierek. Haren hitzetan, badira “urgentzia” batzuk, trantsizio ekologikoa bezala, “biziki fite” egin beharko liratekeenak. “Funtsean, indarrak galduko ditugu lorpen sozialen alde borrokan”.

Laurent Tascaren iritziz, sindikatu handietako bozeramaileek ez dute oinarria ordezkatzen. Sindikatu horietako kideek Fronte Sozialean parte hartzen dutela du frogatzat. “[Philippe] Martinezek —CGTko idazkari nagusiak— gaurko grebara deitzeak eta ez biharko, ez du erran nahi guk ez dugunik greba eginen gaur eta bihar, ekintzak eginez edo beste. Sindikatu handi horietako bulegoak guk egiten dugunari so dira, tokian tokiko mobilizazioei so”. Parisen osatu den Fronte Sozialak oraingoz arrakasta apala izan badu ere, tokian tokiko iniziatibak Frantzia mailan gerta daitekeenaren pizgarri izan daitezkeela uste du. “Denak guri so dira”. Solidaires sindikatua hartu du adibidetzat. “Tokian toki egiten dugunaren berri emateko eskatu digute, gero, Parisen, ideia horiek hartu eta mobilizazioa bultzatzeko. Motorrak gara, eta beraiek gure ordezkariak”.

“Indar militantea nekatzea”, hori da Bussieren kezka. “Astero-astero karrikan bagara, eta ordenantzak pasatzen badira… Galdera asko eragiten digu. Eta, noski, segidak ere. EELVren kasuan, gure mugimendua ere berreraiki behar dugu orain”. Masiboa ez izanik ere, gaurko mobilizazioa “aski handia” izatea espero du Tascak. “Eta irailaren 13an ez etxera sartzea. Egun bakanak, orain bat eta gero bestea, nekatzen gaituztenak, bata bestearen atzetik egin genitzake, eta ekonomia blokeatu, sinpleki. Eta, hor, ezinezkoa zirudiena saihetsezina bilakatuko da gobernuarentzat”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.