Espainia

Madrilgo presidente kargua utzi du Cristina Cifuentesek

Krema batzuk lapurtzen ageri den bideo bat zabaldu ostean iragarri du erabakia buruzagi popularrak.

Cristina Cifuentes, gaur Madrilen. EMILIO NARANJO, EFE
2018ko apirilaren 25a
09:39
Entzun

Eskandaluek gainezka egin diote PPren gardentasunaren ikurretako bati. Cristina Cifuentesek dimisioa eman du Madrilgo presidentetzatik, azken orduetan eta sare sozialetan supermerkatu batean kremak lapurtzen erakusten duten 2011ko bideo bat zabaldu ostean. "Nahi gabe egindako zerbait izan zen. Ohartu nintzenean 40 euroak ordaindu nituen", argudiatu du.

Cifuentesek berak, hala ere, ez du horrekin lotu karguari "uko" egin izana; aldiz, salatu du bere aurkako "lintxamendua" jasan behar izan duela azken asteetan, eta "familiagantik, Madrilgo erkidegoagatik eta alderdiaren mesedetan" hartu duela erabakia. "Maiatzaren 2an iragartzea zen nire asmoa, baina interes orokorretan pentsatu beharra zegoen".

Bere bizitza pribatuaren aurkako erasotzat jo du buruzagi popularrak azken asteetan gertatutako guztia, baina nabarmendu du "burua goran" duela doala, eta erkidegoa bera heldu zenean baino "hobeto" dagoela orain. Espainiako Gobernuko presidente Mariano Rajoyk babesa agertu dio alderdikideari eta "egin beharrekoa egin" duela adierazi du.

Honen aurretik ere izan dira Cifuentesen aurkako bestelako salaketak. Azkenengoetako bat 2012an ustez egindako master bati lotutakoa. Titulua Juan Carlos Erregearen Unibertsitatearen izenean jaso zuen, baina gerora jakin denez dokumentua faltsutu egin zuten. Auzia epaitegietan da.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.