Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak indultua eman die zenbait delitu leporatuta kartzelatutako 110 presori, besteak beste, oposizioko hainbat diputatu, legegile, sindikalista, kazetari eta gizarte eragileri. Herrialdea «adiskidetzeko» ahalegintzat hartu du gobernuak. Jorge Rodriguez Venezuelako Informazio ministroak telebista publikoaren bidez eman du erabakiaren berri. «Venezuelan bakea eta adiskidetza lortzeko lan egingo dugu, demokrazia sendotzeko». Indultu horien bitartez Venezuelako arazoak herrialdean bertan konpontzea ahalbidetuko duela gehitu du Rodriguezek.
Indultua eman dien 110 kideren artean, oposizioko 25 diputatu eta lau ordezko daude. Rodriguezek aditzera eman du espetxerik atera diren oposizioko kideek aukera izango dutela datorren abendurako aurreikusten dituzten hauteskunde parlamentarioetan parte hartzeko. «Denok dugu Parlamentu Nazionalerako hautagai izateko edo ez izateko eskubidea; beraz, ez dago inolako baldintzarik dekretua ezartzeko», nabarmendu du.
Indultatuen zerrendatik kanpo geratu dira Venezuelako oposizioan oihartzun handia duten zenbait politikari, hala nola Leopoldo Lopez —Espainiako enbaxadan dago, Caracasen— eta Henrique Capriles, Justizia Lehenengo alderdiko burua eta presidente hautagaia izateko inhabilitatua dagoena.
Erreakzioak
Venezuelako Gobernuak espetxeratutako hainbat kideri indultua ematearen berri eman, eta berehala heldu dira erreakzioak. Venezuelako Alderdi Sozialista Batuak babestu egin du gobernuaren erabakia. Alderdiaren ustez, sektore nazional guztiekin elkarrizketa «eraikitzaile» eta «emankorra» izateko jarrera erakutsi du Maduroren gobernuak, «bakea lortzeko eta herrialdearen defentsarako».
Juan Guaido Venezuelako Asanblea Nazionaleko presidenteak, ordea, «iruzurtzat» jo du gobernuak hartu duen erabakia, eta oposizioa «zatitzea» nahi duela leporatu dio Madurori. «Erregimenak gatibu hartuta zeuzkan eta jazarpena pairatu duten hainbat preso politiko aske utzi ditu. Erregimen diktatorial baten eta Asanblea Nazionalaren aurkako erasoaren erakusgarri da», salatu du bere Twitter kontuan. Guaidoren ustez, haien askapenaren helburua izan da gobernuak egin dituen mugimenduak «legitimatzea». Horrez gain, abenduko hauteskundeak «engainutzat» jo ditu. «Engainatu nahi gaituzte, baina ez gara eroriko», nabarmendu du.
Nazioartean ere oihartzuna izan du albisteak. Josep Borrell Europako Batasuneko Atzerri Politikarako goi ordezkariak «berri ontzat» jo du oposizioko hainbat kideren askapena. Borrellen arabera, gobernuak hartutako erabakia urrats garrantzitsua izan da abendurako aurreikusita dauden hauteskunde «libreak, inklusiboak eta gardenak» egiteko. Bide beretik jo du Michelle Bachelet NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordeko goi mandatariak. «Erabaki horrek herrialdean eremu demokratikoa irekitzeko modua emango du, baita giza eskubideen egoera hobetzekoa ere».