Venezuela

Madurok "terrorismotzat" jo du kuartel militar baten aurkako erasoa

Iturri ofizialen arabera, hogei inguru izan dira erasotzaileak, eta haietatik bi hil egin dituzte Gobernuaren aldeko indarrek. Oposizioak ukatu egin du gertatutakoarekin zerikusia izatea.

Nicolas Maduro presidentea, erasoaren ostean egindako agerraldian. EFE
2017ko abuztuaren 7a
08:59
Entzun

Miami eta Kolonbiatik datozen terroristek ez dute herriaren ibilbidea geldiaraziko", ohartarazi du Nicolas Maduro presidenteak erasoaren ostean egindako agerraldian. Haren aldekoek salatu dute "estatu kolpea jotzeko saioa" izan dela salatu dute Valenciako kuartel militarraren aurkakoa. Madurok berak zehaztu duenez, militar jantzitako zibilak ziren gehienak, eta teniente ohi bat zegoen "terroristatzat" jotako erasoaren buru. "Zenbaitek armak lapurtzea lortu zuten, eta haien bila ari gara orain", zehaztu dute iturri ofizialek.

Igande goizaldean izan zen erasoa. Militar jantzitako hogei lagun inguruko talde bat, Valencia hiriko Paramacay kuartelean sartu, eta kontrola hartzen saiatu da. Ordea, armadak aurre egin die, eta, ordu gutxiren buruan, kontrolpean hartu du egoera. Liskarretan, erasotzaileetako bi hil dituzte militarrek. Atxilotuak, berriz, hamar dira. Lerro hauek idazteko orduan, segurtasun indarrak ustez erasoa zuzendu duen militar ohi baten bila ari dira. Madurok alerta egoeran jarri ditu segurtasun indarrak.

Oposizioak ukatu egin du erasoarekin zerikusia izatea, eta ohartarazi dio estatuburuari ez dezala "erasoa erabil sorgin ehiza abiatzeko". Era berean, "hausnartzeko" eskatu dio gobernuari: "Argi dago armadak ere aldaketa nahi duela, gizarteak berak bezala".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.