Venezuelako hiriburuko Bolivar etorbidean elkartu dira milaka lagun, Nicolas Maduro presidentearen alde eta "bakearen defentsan". Goizeko lehen ordutik irten dira kalera Maduroren aldekoak Caracasko hainbat lekutan, eta bertara joateko deia egin dute Venezuelako Gobernuko ministro nahiz diputatu chavista ugarik. "Bolivar eta Chavezekin, independentziaren, burujabetzaren, askatasunaren, iraultzaren eta bakearen ate ederra babestera goaz", idatzi du Twitterren PSUVeko diputatu Diosdado Cabellok. Aloha Nuñez diputatuak, berriz, VTV telebistari azaldu dio mobilizazioan zegoela "bakerako deia plazaratuz".
Asteartean hasi ziren Maduroren aldekoak elkarretaratzeak egiten, oposizioak "Caracasen hartzea" deitu duen manifestazioari kontra egiteko. Maduro presidentetzatik kentzeko erreferendumari Hauteskunde Batzordeak data jar diezaion deitu du protestara oposizioak.
Beste milaka lagunek egin dute bat deialdi horrekin. Batasun Demokratikoko Mahaiak deituta, hiriko sei puntutan elkartu dira manifestariak, asko txuriz jantzita eta Venezuelako banderak zeramatzatela. Henry Ramos Allup Venezuelako Parlamentuko presidenteak esan du "gobernua aurten kanporatzeko eskubidearen alde" ari direla borrokan.