Venezuela

Maduroren aurkako erreferenduma ez litzateke egingo 2017ra arte

Venezuelako Hauteskunde Batzordeak hiru egun eman dizkio oposizioari beharrezko sinadurak biltzeko: urriaren 26a, 27a eta 28a. Galdeketa 2017ra atzeratuta, hauteskundeak 2019an egingo lirateke

2016ko irailaren 22a
08:47
Entzun

Venezuelako oposizioak hiru egun izango ditu beharrezko sinadurak bildu eta Nicolas Maduro Venezuelako presidentea kargutik kentzeko prozesua abiarazteko: urriaren 26a, 27a eta 28a. Hiru egun horiek zehaztu ditu CNE Hauteskunde Batzorde Nazionalak. Babes horrek hauteskunde erroldan izena eman duten pertsonen %20aren adinakoa izan beharko du, Maduroren aurkako erreferendumera deitzeko.

Datak ezarrita, eta oposizioak babes nahikoa lortuz gero, CNEk baieztatu du presidentearen aurkako galdeketa “2017ko lehen hiru hilekoan” egingo litzatekeela. Erreferendumaren data garrantzitsua da guztiz: aurten egingo balitz, hauteskundeetara deitu lezake oposizioak. Aldiz, 2017an egingo balitz —hala esan du CNEk—, Venezuelako presidenteordeak ordezkatuko luke Maduro 2019. urtera arte. Hala, presidentetzarako hauteskundeak 2019ra arte atzeratuko lirateke.

Gainera, Hauteskunde Batzorde Nazionalak uste baino baldintza zorrotzagoak ezarri ditu oposizioak beharrezko sinadurak lortzeko. Ez du nahikoa izango %20 biltzea; Venezuelako 24 estatuetako bakoitzean lortu beharko du kopuru hori. Osterantzean, CNEk eskumena izango du prozesua atzera botatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.