PAN-eko presidentetzarako bozak

Mahmud Abbas izango da PANeko presidente berria; botoen %62,3 eskuratu ditu

Al Fata alderdiko hautagai Mahmud Abbas izango da Palestinako Aginte Nazionaleko presidente berria. PANeko Hauteskunde Batzordeak jakitera eman duenez, Abbasek botoen %62,3 lortu du. Mustafa Barguti hautagai independenteak botoen %19,8 eskuratu ditu. Bargutik ez ditu emaitzak onartu, eta helegitea aurkeztuko duela iragarri du. Bargutik salatu duenez, irregulartasunak izan dira botoak zenbatzeko orduan. Palestinar ugarik boza emateko orduan arazoak izan zituzten arren, parte hartzea %65koa izan da.

2005eko urtarrilaren 10a
15:31
Entzun
Emaitza ofizialak jakin aurretik, Abbasek bere burua irabazletzat eman du, eta bere helburua "Estatu Palestinar bat" sortzea dela berretsi du. Garaipena Jasser Arafati, martiriei eta preso palestinarrei eskaini die."Ez da erraza orain gure lana: Estatu Palestinar bat sortzea, gure herriari segurtasuna ematea, preso dauden lagunentzako askatasuna lortzea eta iheslariei bizitza duin bat ematea". Bestalde, Israeleko Gobernuarekin bildu eta hitz egiteko asmoa duela berretsi du.

Hamas, FPLP eta Jihad Islamikoak bozei zilegitasuna kendu diete, Osloren ondorio direla argudiatuta. Hori dela eta, euren jarraitzaileei ez bozkatzeko deia luzatu zieten. Kontuak kontu, Mahmud Abbasekin bildu eta elkarrizketa prozesu bat hasteko prest agertu dira. Bestalde, Israeleko parlamentari ugari "pozik" agertu dira Abbasen garaipenarekin. Esaterako, Israelgo Gobernuko presidente Ariel Sharonen aholkulari Raanan Gissinek adierazi duenez, "Abbasen garaipena Palestinako gizatean eman den aldaketa baten emaitza da. Abbasen garaipena Palestina adiskidetzeko balioko duela uste dugu". Horrela, Israeleko egunkari nagusiek gaur jasotzen dutenez, Ariel Sharonek gaur Abbasi deituko dio, garaipenarengatik zoriondu eta elkarren arteko bilera bat hitzartzeko.

Legebiltzarrerako bozak, heldu den uztailean

Palestinako Aginte Nazionaleko behin-behineko presidente Rauhi Fatuk jakitera eman duenez, Palestinako Legebiltzarrerako bozkak uztailaren 17an egingo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.