Mahomaz iseka egiten duen Musulmanen inozentzia filmaren egilea atxilotu dute AEB Ameriketako Estatu Batuetan, baldintzapeko askatasuna urratzea egotzita. Los Angelesen atzeman dute, goizaldean, Nakoula Basseley Nakoula. 2010az geroztik baldintzapeko askatasunean zegoen iruzur delitu batengatik, eta baldintza horiek urratzea egotzi diote. Izan ere, sarean izen faltsuak erabiltzea debekatu zioten, eta horixe egin du Basseleyk filma Interneten jartzeko. Basseley espetxera bidali du Suzanne H. Segal epaileak.
Protesta oldea sortu du herrialde musulmanetan bereziki Mahoma iraintzen duen filmak. Besteak beste, AEBek Libian zuten enbaxadorea hil zuten, eta atentatu ugari izan ziren Afganistanen, Pakistanen eta Yemenen, esaterako. Gainera, Youtube Interneteko atarirako sarbidea —webgune horretan eskegi zuten bideoa— eten zuten hainbat herrialdek, filma kendu bitartean.