Milango Auzitegia gaur zen hastekoa Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroaren kontrako epaiketa, baina gaur goizean jakinarazi du maiatzaren 31ra arte atzeratu duela. Ruby auziagatik epaituko du Cristina di Censo magistratuak, boterea gehiegikeriaz erabili eta adingabeak prostituziora bultzatzea egotzita.
Berlusconi ez da agertu epaitegira, Erroman dauzkan "konpromiso instituzionalengatik", haren abokatu Giorgio Perronik esan duenez.
Iragan urtarrilaren 13an Italiako Auzitegi Konstituzionalak erabaki zuen lehen ministroari immunitate osoa ematen dion araua "partzialki Konstituzioaren kontrakoa" dela.
Di Censo epaileak duela zenbait aste ez zituen ontzat jo Berlusconiren defentsaren argudioak, eta delituen froga nabarmenak daudela ebatzi zuen. Milango Fiskaltzak lehen ministroari buruz egindako ikerketa zilegi dela ere erabaki zuen epaileak, eta gaurkorako hitzordua jarri zuen.
Berlusconik Arcoreko etxean (Milandik hurbil) egindako hainbat festatan Karima el Mahrug Ruby 17 urteko neska egon zelakoan oinarritzen da adingabeak prostituziora bultzatzeko akusazioa. Milango Fiskaltzaren ustez, lehen ministroak sexu harremanak izan zituen neskarekin. Italiako zigor kodearen arabera, sei hilabete eta hiru urte arteko espetxe zigorra ezar daiteke.
Bertze akusazioa boterea gehiegikeriaz erabili izana da, eta Berlusconik polizia etxe batera eginiko deian oinarritzen da. 2010eko maiatzaren 27an Milanen atxilotu zuten El Mahrug, lapurreta egin zuelakoan. Fiskaltzaren arabera, Berlusconik polizia etxera deitu zuen neska askatu eta Lombardiako kontseilari Nicole Minettiren esku utz zezaten eskatzeko. El Mahrug Egiptoko orduko presidente Hosni Mubaraken iloba zela esan zien Berlusconik poliziei, akusazioak dioenez. Boterea gehiegikeriaz erabiltzeagatik lau eta hamabi urte arteko zigorra ezar daiteke Italian.