"Gaur denok berreskuratu dugu gure nortasunaren zatitxo bat", nabarmendu du Martin Fresnedak, Argentinako Giza Eskubideetarako idazkariak, aurkikuntzaren berri ematearekin batera. Bart jakinarazi zuten, 36 urteren ostean, Maiatzeko Plazako Amonek Estela de Carlotto presidentearen biloba, Guido, aurkitu zutela. "Azkenean, haren argazkia jarri ahal izango dut besteen argazkien ondoan", adierazi du, pozik, De Carlottok.
Gurasoak, Laura Carlotto eta Oscar Montoya, militante peronistak zituen Guido Carlottok. Ama 1977an bahitu zuten militarrek, eta La Cachako presondegira eraman. Haurdun zegoen ordurako, baina familiak ez zekien. "Harekin batera preso egondako batek, guregana etorri, eta sei hilabeteko zegoela esateko ausardia izan zuen. 1978ko apirila zen", azaldu du De Carlottok.
Guido 1978ko ekainean jaio zen. Handik gutxira exekutatu zuten Laura Carlotto, eta gorpua familiari eman zioten. Haurra, ordea, desagerrarazi egin zuten. Diktadurako urteetan desagerrarazitako 500 haurretako bat izan zen bera. "Ziurrenik Laura preso egon zen toki berean jaio zen nire biloba. Badaude beste bertsio batzuk ere. Aurrerago jakingo dugu zer gertatu zen benetan. Badakigu nork utzi zuen heziko zuen bikotearen eskuetan", esan du elkarteko presidenteak.
Estelaren seme Guido Carlotto Kibok azaldu duenez, biloba bera joan zen DNA probak egitera, bere benetako nortasunari buruz zituen zalantzak argitzeko asmoz. Hala, De Carlottok ez ezik, Montoyaren familiak ere atzo jakin zuen biloba bat zuela. Izan ere, orain arte ez zekiten ziur nor zen Guidoren aita.
Poza Argentinako agintarien artean ere. "Maitasunak, bizitzak eta memoriak garaitu egin dituzte gorrotoa, heriotza eta ahanztura", nabarmendu du Julio Alak Justizia ministroak.