Asiako herrialderik katolikoena dira Filipinak, ehunka urte iraun zuen Espainiako kolonizazioaren ondorioz —herritarren %80 inguru—. Hala ere, artxipelagoaren hegoaldean musulmanak asko dira, eta hainbat eremutan gehiengoa ere badira. Kolonizatzaileek mairu deitu zituzten—moro gaztelaniaz—, Europako eta Afrikako musulmanei bezala. Espainian kutsu iraingarria du terminoak, baina Filipinetako musulmanek beraiena bihurtu zuten, eta 1970eko hamarkadan Bangsamororen burujabetzaren aldeko borroka hasi zuten, hau da, mairuen herriaren burujabetzarako borroka—bangsa malaysieraz herria da—. Berrogei urte inguruko gatazkaren ondoren, Filipinetako Gobernuak eta MILF Askapen Islamiarrerako Fronte Mairuak egindako akordioak Bangsamoroko estatu autonomoa sortzeko oinarriak ezarri ditu.
Bangsamorok Filipinetako hegoaldeko Mindanao uhartearen mendebaldeko lurrak eta irla horren eta Malaysiaren artean dauden artxipelagoak hartuko lituzke, hau da, musulmanak gehiengoa diren eremuak. Benigno Aquino Filipinetako presidenteak azaldutakoaren arabera, ez litzateke estatu independente bat izanen, baina autonomia zabala izanen luke, batez ere zergak biltzeko eta ezartzeko, Justizia sisteman eta baliabide naturalen kudeaketan —hagitz lurralde aberatsa da: gasa, petrolioa, mineralak, eta lur emankorrak ditu—. Manilak defentsa, segurtasun, diru eta atzerri politiken eskumena mantenduko luke.
Bangsamoro egituratuta egoteko 2015erako epea paratu dute. Ordurako, Aquinok konpromisoa hartu du trantsizioa baimenduko duen lege organiko bat parlamentura eramateko. Azken hitza herritarrek edukiko dute, autonomiaren ezarpenari buruz erreferendum bidez erabakiz.
Iraganean ere hainbat negoziazio prozesu egin dituzte gobernuak eta MILFek. 2008an aurreratu zuten gehien, baina Auzitegi Gorenak prozesua geldiarazi zuen, eta MILF borroka armatura itzuli zen. Oraingoan, ordea, baikortasun handiagoa hedatu da. Hala ere, Rommel Banlaoi adituak uste du 2016a baino lehen prozesua burutzea ezinbertzekoa izanen dela, urte horretan bukatzen baita Aquinoren agintaldia. «Ordurako sinatu ez badute, gatazkari buruz bertze ikuspuntu bat izan lezakeen gobernu bat irits liteke», adierazi dio Banlaoik France Press agentziari. Filipinetako Bakearen, Indarkeriaren eta Terrorismoaren Ikerketarako Institutuko zuzendaria da Banlaoi. Hark dioenez, Filipinek azken urteetan izan duten presidente sendoena da Aquino, eta nahikoa sostengu lor lezake prozesua trabatu nahiko luketen sektoreen eragina gainditzeko —elite katolikoarena batik bat—.
Hala ere, sektore horrek badu eraginik. Horren adibide, Aquinok oraingoz uko egin diola Bangsamororen estatusa konstituzioan txeratzeari. MILFek zuzenketa bat onartzea nahi du, horrek egitate berriaren izatea legalki are gehiago segurtatuko lukeelako. Herriaren Erreformarako Alderdi eskuindarreko senatari Maria Defensor Santiagoren ustez, baina, konstituzioa «traturako» erabiltzen ari dira, eta elkarrizketetan Malaysia bitartekari izan delako Filipinen burujabetza ere auzitan paratu dela erran du. «Noiztik dute atzerriko erakunde batek eta talde matxino batek boterea gure konstituzioaren gainean?». 1992an presidentegai izan zen Santiago, eta Nazioarteko Zigor Auzitegiko epailea da.
Gerrilla komunistari begira
Berrogei urteko gatazkan 150.000 lagun hil dira. Ghazali JaafarMILFen bozeramaileak erran du gobernuarekin sinatutakoa akordiorako oinarriak bertzerik ez dela. «Lan anitz dago egiteko».
Fronteetako batean aurrerapausoa emanda, agintariek trabatuta dagoen bertze prozesu bateko arerioei mezu bat bidaltzeko baliatu dute, NPA Herriaren Armada Berria gerrilla komunistari MILFen adibidea har dezala eskatu baitio Edwin Lacerda presidentearen bozeramaileak. LuisJalandoni NDF Fronte Demokratiko Nazionaleko negoziazioburuak salatu du, baina, gobernuak NPAko negoziatzaileak preso dituela, eta horrekin 1995ean immunitatea bermatzeko akordio bat urratzen duela.
Mairuen burujabetzarantz
Manilaren eta MILF gerrillaren akordioak Filipinetan Bangsamoro estatua sortzeko oinarriak bildu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu