Maliko Junta Militarrak jakinarazi du estatu kontrakolpea gelditu duela

Bamakon nahasmena da nagusi, eta bigarren egunez liskarrak eta tiroketak gertatu direla azaldu dute lekukoek

2012ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Amadou Toumani Toure presidente boteretik kanporatuaren aldeko indarrek estatu kontrakolpea hasi zuten herenegun, eta ordutik nahasmena nagusitu da Malin. Junta Militarrak egoeraren kontrola berreskuratu duela jakinarazi du telebista bidez zabaldu duen mezuan. «Erresistentzia gune bakanak kontrolpean izango ditugu aurki», adierazi dute. Lekukoek, baina, Bamakoko kaleetan oraindik tiro hotsak entzun daitezkeela kontatu dute.

Maliko hiriburuan liskarrak izan dira berriz ere, eta kaleak erabat hutsak daudela azaldu dute lekukoek, herritar gehienak etxean ezkutatu baitira beldurtuta. Horrez gain, auzo askotan argia eten dutela adierazi dute.

Toureren guardia presidentzialak —txapelgorriak— ofentsiba jaurti zuen herenegun Kattiko kuartelaren kontra; telebista eta irrati publikoaren, aireportuaren eta militar matxinoen operazio gune izan da kuartel hori. Azaldu dute Junta Militarra txapelgorrien buruzagi Abdine Gindo teniente koronela atxilotzen saiatu delako egin dutela erasoaldia. «Sanogoren [Amadou Sanogo militar matxinoen burua] gizonak gure buruzagia atxilotzen ahalegindu dira. Nor garen erakutsiko diegu», esan zuen Moussa Diallo guardiak ofentsiba hasi baino lehenago. Liskarretan gutxienez hogei lagun hil dituztela adierazi dute osasun rloko iturriek, eta 50 lagun inguru zauritu dituztela.

Junta Militarraren hitzetan, Toureren jarraitzaileek «atzerriko indarren» laguntza izan dute. «Erregimen zaharraren guardiaren kontuak dira horiek, gauzak lehengora itzultzen ahalegintzen ari dira», esan du Bacary Marikok, Junta Militarreko bozeramaileak. Bestalde, Gindoren bila jarraitzen dute militarrek, eta Sanogok «adi egoteko» eskatu die herritarrei.

Harridurarik ez

Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Erkidego Ekonomikoak adierazi du ez dagoela harrituta liskarrekin; izan ere, salatu du Junta Militarrak oraindik behin-behineko gobernuaren erabakietan «esku hartzen» duela. «Militarrei barrakoietara itzultzeko eskatzen diegu», esan du Ecowaseko ordezkari Sonny Ugohek.

Afrika Mendebaldeko Estatuen Erkidego Ekonomikoaren bitartekaritzari esker, Sanogok boterea zibilen esku uztea onartu zuen apirilaren hasieran. Estatu kolpean lagundu zutenentzat amnistia bermatzearen eta Ecowasek herrialdeari ezarri zizkion zigorrak kentzearen truke, ordena konstituzionala berrezarri zuen Sanogok, baina Junta Militarrak oraindik pisu handia du. Diondunda Traoreren behin-behineko gobernua arduratuko da trantsizioa bideratzeaz, eta horko Defentsa eta Barne ministerioak militar matxinoen esku daude, besteak beste. Hain justu, boterea zibilen esku utzi eta gero ere Junta Militarreko kideak oraindik ere presidente ohiaren gertukoak atxilotzen eta jazartzen ari direla salatu dute.

Traorek berrogei eguneko epean hauteskundeak antolatu behar ditu, baina analista guztien hitzetan, epe hori ez da nahikoa izango egoera bere onera ekartzeko eta bozak antolatzeko. «Akordioa garbia da, [Traore] 40 egunez egongo da boterean, eta 40 egunbete eta gero, nire batzordea eta Ecowas elkarrekin eseriko gara, eta trantsiziorako organoak zehaztuko ditugu», esan zuen Sanogok boterea Traoreren esku uztean. Berrogei egunen ondoren boterera itzuliko den galdetu diote, eta halakorik ez duela esan dio militar matxinoen buruak, baina, ez dakiela bueltatuko den edo ez.

Tuaregen kontrako borroka

Toure iparraldeko tuaregen matxinada gaizki kudeatzen ari zela argudiatuta eman zuten militarrek estatu kolpea, martxoaren 22an. Tuaregek, baina, herrialdean estatu kolpearen ostean gailendu zen kaosa aprobetxatuz aurrera egin zuten, eta apirilaren 6an Azawad lurraldearen independentzia aldarrikatu zuten. Ecowasek adierazi du beharrezkoa dela gobernuari tuaregei aurre egiten laguntzeko tropak bidaltzea.

Junta Militarrak, baina, ez du Ecowasek Malira tropak bidaltzerik nahi, trantsizioa gainbegiratzeko aitzakiarekin euren aurka egingo dutelakoan baitaude. Izan ere, Ecowasek esana du Traorek urtebete beharko duela trantsizioa bideratzeko, eta militar matxinoek 40 egunen barruan egin nahi dituzte bozak.

NBE Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi du liskarren eta lehortearen ondorioz 320.000 lagunek etxetik ihes egin dutela. Horietatik 190.000 inguruk ondoko herrialdeetara jo dute babes bila, Mauritaniara gehienak, eta Burkina Fasora eta Nigerrera beste askok.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.