Amadou Sanogo CNRDR Demokrazia eta Estatua Berrezartzeko Batzorde Nazionaleko buruak onartu du Malik "egoera zaila" bizi duela baina, haren arabera, "gaindi daiteke, eta itxaropenari eutsi egin behar zaio".
Atzo gauean, ORTM telebista katean egindako adierazpenetan, alderdi politikoei eta gizarteari dei egin zien kolpistekin bat egitera, konponbiderako "bide motzena" aurkitzeko asmoz. Gainera, "demokraziara bideratzeko borondatea" agertu zuen Sanogok.
Sanogok ez zuen argitu noiz utziko duten boterea, eta ez zien aipamenik egin apirilaren 29an egitekoak diren hauteskundeei.
"CNRDRk erabaki du erantzukizunak bere gain hartzea, kaosa saihesteko", esan du berriro ere Maliko Gobernuaren "ezgaitasuna" aipatu ondoren.
Sanogok berak pasa den astean esan zuen ez dutela pentsatzen boterean "betikotzea", eta haien misioa "nazioa salbatzea dela". Pasa den asteazkenean matxinatu ziren, eta konstituzioa indargabetu zuten.