CNRDR Demokrazia eta Estatua Berrezartzeko Batzorde Nazionaleko buru Amadou Sanogok esan du ez dutela pentsatzen boterean "betikotzea", eta haien misioa "nazioa salbatzea dela".
Sanogok gaur berretsi du Maliko Gobernuaren "ezgaitasunaren aurrean" matxinatu direla. Asteazkenean matxinatu ziren hainbat militar, eta atzo konstituzioa indargabetu zuten. Gainera, lurreko eta aireko mugak ere itxi dituzte.
Malin matxinatutako militarrek boterea hartzeak "ez du ezer aldatzen" MNLA Azawad Askatzeko Mugimendu Nazionalaren dinamikan, gaur mugimenduak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Horrekin batera, tuareg independentistek azpimarratu dute "armada ateratzeko erasoaldiarekin" jarraituko dutela.
MNLA mugimenduak jakinarazi du erreboltariek Anefis hiria hartu dutela, eta bertan zegoen Maliko armadako talde bat Gao hirira mugitu dela. "Ez dago buruzagitzarik armadan. Erreboltariek iparraldeko herriak hartuko dituzte", esan du Maliko ofizial batek.