Maliko militar matxinoen buruak dio ez duela boterean betikotu nahi

Nazioarteak aho batez kritikatu du kolpea; NBEren Segurtasun Kontseiluak ordena berrezartzea eskatu du

Erredakzioa
2012ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Amadu Haya Sanogo Maliko militar matxinoen buruzagiak esan du bere misioa «nazioa salbatzea» dela, eta ez duela boterean betikotzeko asmorik. «Azken hamar urteetan herrialdea hondoratu dute, eta hori aldatzeko gaude hemen», gaineratu du. Nazioarteak, baina, aho batez kritikatu du Amadou Toumani Toure presidentetzatik kanporatzeko militarrek egin duten estatu kolpea.

«Dena gaizki dago, eta horregatik hartu ditugu armak», azaldu du Sanogok. «Ez dago segurtasunik, hezkuntza sistema kaskarra da, eta bizi-baldintzak oso zailak». Toureren berririk ez du eman, baina, gobernuko ministroak atxilotuak dituztela azaldu du.

AB Afrikako Batasunak esan du ustez Toure Bamako hiriburuan dagoela, enbaxada batean, haren aldekoek babestuta. Baina ezin izan du informazio hori baieztatu. ABkoek estatu kolpea gaitzetsi dute, eta Mali erakundetik kanporatzea erabaki dute.

NBEren kritikak

Militarren estatu kolpearen kontra egin du NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak ere. Demokratikoki aukeratutako gobernuak berriz ere agintea hartzea exijitu du, eta militarrei kuarteletara itzultzeko eskatu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.