MNLA Azawad Askatzeko Mugimendu Nazionaleko tuareg independentistek ziurtatu dute ez direla joango Azawadetik haratago, Maliko armadaren aurkako erasoaldian. Tonbuktu, Gao eta Kidalek osatzen dute Azawad.
"Orain gure helburua ez da Azawadeko mugetatik haratago joatea. Ez dugu gerrazale itxura eman nahi", jakinarazi diote MNLAko iturriek Reuters berri agentziari.
Kidal hiriaren kontrola eskuratu ondoren, Gao hiri estrategikoraino heldu ziren larunbatean matxinoak. Iparralde osoko militarren kuartel handiena dago han.