Maliko tuareg matxinoek erasoan aurrera egin dute, Gao hiri estrategikoraino

Hiri garrantzitsua da, eta Junta Militarrak hara bidali ditu tropa guztiak, ekintzaileak kanporatzeko asmoz

Erredakzioa
2012ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Herenegun Kidal hiriaren kontrola eskuratu zuten MLNA Azawadeko Nazioa Askatzeko Mugimenduko tuaregek. Atzo arte hori zen Maliko aginteari eman zioten kolperik gogorrena. Atzo, ordea, Gao hirian sartu ziren, handik 95 kilometrora dagoen Ansongo hiria «askatu» ondoren, ekintzaileek web orrian diotenez. Gao hiriak 87.000 biztanle dauzka, Kidalen bikoitza baino gehiago, eta iparralde osoko militarren kuartel handiena ere hantxe dago. Nigeribaiaren ondoan dago, eta hiri enblematikoa da. Horregatik, hilaren 22an de facto ezarritako Junta Militarrak bere tropak Ansongotik eta Bureotik atera eta hara bidali ditu, matxinoak handik kanporatzeko asmoz.

Bien bitartean, Gaoko agintarietako batek, Mahamane Diakatek, AFP agentziari berak ikusi duena kontatu dio: militarren bi helikoptero soilik egon direla alde batera eta bestera tiro egiten. Ziurtatu du, herritarrek esan diotelako, tuaregak hiriko gune guztietan daudela, eta jendea korrika ateratzen ari dela. Pixkanaka lekua hartzen ari dira tuaregak.Milaka lagun lekuz aldatzen ari dira urtarriletik, borrokak areagotu direnetik.

Estatu kolpea eman zuten militarrentzat ez da samurra izaten ari eman zuten hitza betetzea: Amadu Sanogo jeneralak Amadu Tumani Ture presidentea kendu zuenean agindu zuen bere egiteko bakarra matxinoak borrokatzeko estrategia zela, laguntza eskatuko zuela haiek gainditzeko. Herritar askoren babesa bereganatu zuen Sanogok, Tureren gobernua ez delako gai izan ekintzaileak geratzeko. Tuaregek urtarriletik,matxinada hasi zutenetik, erasoan aurrera egin dute, eta Tessalit hartu zutenean —kolpe handia izan zen Maliko Gobernuarentzat—, armadak argi utzi zuen ez zuela nahikoa indarrik eta arma sendorik tuaregak menpean hartzeko.

Gaddafiren gizonak

Sanogo, berriz, sendo heldu da, bere taldeko buruzagi eta soldadu asko Libian Muammar Gaddafiren armadan aritutako soldaduak baitira, armaturik iritsitakoak. Sanogok esan du inguruan laguntza eskatuko duela , besteak beste, Ecowasi, Afrika Mendebaldeko Estatuen Erkidego Ekonomikoari, eta Bamakon dira erakunde horretako hainbat ordezkari armadarekin negoziatzen boterea utz dezaten. Gaur amaituko zaie horretarako epea. Onartu ezean, zigor ekonomikoak eta mugen ixtea agindu dituzte.

Atzotik, milaka lagun ere Bamakon dira, Modibo Keita estadioan, Maliko buruzagi erlijiosoek deituta. «Maliko semeen arteko elkarrizketari berriz heltzeko» eskatu dio Junta Militarrari Maliko Kontseilu Islamikoko kide Mohamud Dickok.

Burkina Fason ere mugimenduak izaten ari dira. Hango presidente Blaise Campaorerekin hitz egitera joan da Sanogoren ordezkari bat. Campaore bitartekari lanak egiten ari da Malin estatu kolpea eman dutenetik.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.