MLNA Azawadeko Nazioa Askatzeko Mugimenduko miliziano tuaregek matxinada hasi zutenetik kolpe gogorrena eman diote Maliko aginteari, ipar-ekialdeko Kidal hiriaren kontrola eskuratu baitute, orain arte hartu duten handiena. 48 orduz borroka egin ondoren 40.000 biztanleko hiria «askatu» duela jakinarazi zuen atzo MLNAk bere webgunean. Tuareg matxinoen kolpe horrek are gehiago larritu du Maliko egoera politikoa. Amadou Sanogo hilaren 22an estatu kolpea eman zuten militarren buruzagiak aitortu du MLNAren matxinadaren ondorioz iparraldean egoera «kezkagarria» dela, eta inguruko herrialdeei laguntza eskatu die «batasun nazionalari» eutsi ahal izateko. Horiek, ordea, zigorrak ezartzeko mehatxua egin dute, kolpistek ez badute boterea uzten.
Kidal Maliko iparraldean dago, tuaregen Azawad lurraldean. Maliko Estatuak, ordea, hiru barrutitan banatua du eremu hori, eta izen bereko probintziaren hiriburua da Kidal. Armadak base garrantzitsu bat du han, baina iturri militarrek Reuters agentziari jakinarazi diotenez, MLNAren erasoaldiaren aitzinean alde egin dute. «Kidaleko herritarren bizitza zaintzeko, buruzagitza militarrak erabaki du borroka ez luzatzea». MLNAk bere webgunean adierazi duenez, armadak «giza eta material galerak» jasan ditu, baina ez du zehaztu horiek zenbaterainokoak izan diren. Kidal hartu ondoren, Azawadeko gainerako hiriburuak hartuko dituela erran du «Maliko administrazioa eta armada kanporatzeko». Era berean, Junta Militarreko kide batek Efe agentziari erran dio MLNAren aurkako erasoaldia prestatzen ari direla.
Sanogo juntako buruak eta de facto Maliko Estatuko buruzagiak haientzat egoera zaila dela onartu du, Kidal zehazki aipatu ez badu ere. Horregatik, Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Erkidego Ekonomikoari laguntza eskatu dio. Ecowasek eskatu bezala, hauteskunde askeak antolatuko dituztela agindu du, baina elkarteak egindako bertze eskakizunari buruz, hau da, kolpistek boterea uzteari buruz, ez du deus erran.
Ecowasek, ordea, bihar arteko epea emana die kolpistei boterea uzteko. Erakunde horretako batzordeko presidente Kadre Desire Quedraogok adierazi du epea bete ezean, Maliren aurka hainbat neurri hartuko dituztela; horien artean, elkartea osatzen duten bertze hamalau herrialdeetako portuetan sartzeko debekua, eta eskualdeko banku zentralarekin transferentzia oro bertan behera uztea —Senegalen du egoitza bankuak—. Herenegun bertan Ecowaseko ordezkaritza bat Bamakora joatekoa zen, baina ezin izan zuen lur hartu militar kolpisten aldeko manifestariek aireportua blokeatu zutelako.
Presioak kolpistei
Ecowasena ez da izan kolpistek nazioartetik jasan duten presio bakarra. UIP Parlamentuen Batasunak eta Herrialde Frantses Hiztunen Nazioarteko Erakundeak behin-behinean kanporatu dute Mali. UIP 150 herrialdetako parlamentuek osatzen dute. Herrialde Frantses Hiztunen Nazioarteko Erakundean, berriz, behin-behinean bidalitako bigarren estatua da Mali; 2010ean Madagaskar kanporatu zuten, estatu kolpe batengatik baita ere.
Maliko armadaren zati bat iragan hilaren 22an matxinatu zen Amadou Toumani Toure presidentearen aurka. Tuaregen aurkako gerran egoki ez erantzutea leporatu zioten. Sanogo kapitainak adierazi zuen kolpisten helburua errebolta zanpatzea dela, eta bederatzi hilabeteren buruan boterea utziko dutela agindu dute, hauteskundeak deituz. Kidal hartuta, MLNAk jada hiru hiri kontrolpean ditu.
Maliko tuareg matxinoek orain arteko hiririk handiena «askatu» dute iparraldean
Kidal hiriak 40.000 biztanle ditu; militar kolpisten buruzagi Amadou Sanogok aitortu du egoera «kezkagarria» delaKolpistek boterea utzi ezean, ondoko herrialdeek zigorrak paratu dizkiote Maliri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu