Malin militar talde bat matxinatu da, tuaregen aurka ez joateko

Telebista eta irrati publikoak hartu dituzte, eta Bamako hiriburua hartzen saiatu dira armadako kideak

Erredakzioa
2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Malin militar talde bat matxinatu da, eta Bamako hiriburua hartzen saiatu da. Telebista eta irrati publikoa hartu dituzte. Militarrak MNLA Azawad Askatzeko Mugimendu Nazionaleko tuareg independentisten aurka borrokatzeari uko egin diotelako matxinatu dira. Zauriturik ez da egon, eta herritarrei etxeetan gordetzeko esan diete matxinatuek, haiekin «arazorik ez» dutela adieraziz.

Gobernuaren aldeko militarrek Amadou Toumani presidentearen egoitza inguratu zuten hura babesteko. Presidenteak ez zuen adierazpenik egin. Oposizioak Toumaniren jarrera salatu du, eta matxinadaz arduratzeko ahalmenik ez izatea leporatu dio.

Tuaregen matxinada

Ez da Maliko militarrak matxinatzen diren lehen aldia, otsailaren 1ean ere antzeko ekintzak egin baitzituzten. Tuaregek matxinada, berriz, urtarrilaren 17an hasi zen, autodeterminazioa eskatzeko. maliren iparraldea da tuaregen eremua. Ordutik hona, hamarnaka lagun hil dira erasoetan. Arazo politikoez gain, elikadura krisi larria pairatzen dute Malin, eta horregatik, ia 200.000 herritar ondoko herrialdeetara joan dira laguntza eske.

Bamakok MNLAri leporatu dioAl-Qaedako Ansar Al-Din talde islamistarekin lotuta egotea, eta armada tuaregen aurka borrokatzera behartu du. Oposizioaren esanetan, militarrak «prestatu gabe eta beharrezko materialik gabe» bidaltzen dituzte erasoetara, eta herrialdeko testuinguru politikoa ez ulertzea leporatu dio gobernuari. Apirilaren 29an presidentetzarako hauteskundeak egingo dituzte Malin, eta Toumaniren hautaketa tuaregen gatazkak baldintzatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.