Estatu kolpea eman eta 11 egunera, Maliko militar matxinoei, barnean ez ezik, atzerrian ere areagotu zaie presioa. Joan den asteburuan tuareg miliziano independentistek iparraldeko Azawad eskualdearen kontrola eskuratu ondoren, Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Erkidego Ekonomikoak bahimendu osoa ezarri dio Maliri, kolpistek ez dutelako agintea utzi eta aitzineko konstituzioa berrezarri. Horretarako, atzo arteko epea emana zien Ecowasek.
Kolpisten Junta Militarrak herenegun jakinarazi zuen konstituzioa berrezarriko zuela, baina Ecowasentzat hori ez da nahikoa izan, Amadou Sanogo kapitainak zuzentzen dituen militar matxinoak boterean mantendu direlako, gobernuko «goreneko organo» moduan. «Neurri diplomatiko, ekonomiko eta finantza arloko guztiak gaurtik ezarriko ditugu, eta ez ditugu kenduko konstituzio ordena berrezarri arte», jakinarazi zuen atzo Alassane Ouattarak, Ecowaseko oraingo buruak eta Boli Kostako presidenteak. Ecowasek ezarritako bahimenduak erabat bakartuta utz dezake Mali, inguruko herrialdeekiko merkataritzaren beharrizan handia baitu, eta horietako zazpirekin diru batasuna duelako. Afrikako mendebaldeko hamabortz estatuk osatzen dute Ecowas. Kolpearen ondoren, Mali elkartetik bota zuten behin-behinean.
Tuareg matxinoak nagusi
«Maliko egoera hagitz serioa da. kolpe bat da demokraziarentzat, eta bere lurralde batasunarentzat eraso bat», erran du Ouattarak. Izan ere, tuaregen MLNA Azawadeko Nazioa Askatzeko Mugimenduaren erreboltaren erdian egin zuten kolpea militar matxinoek, hain zuzen, aitzineko gobernuaren gerra kudeatzeko erarekin ados ez zeudelako.MLNAk, ordea, ongi baliatu du estatu kolpeak eragindako kaosa, eta iparraldeko hiru hiri nagusiak hartuta —Kidal, Gao eta Tonbuktu—, Azawad osoa hartzea lortu du. Hori da tuaregen jatorrizko lurraldea, eta handik kanpo ez duela erasorik eginen erran du MLNAk.
Maliri bahimendu osoa ezarri diote inguruko herrialdeek
Afrika mendebaldeko Ecowas elkarteak onartutako zigorrek erabat bakartuta utz dezakete herrialdea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu