Mallorcako okupazioa ospatu nahi zuen Espainiako armadak Incan (Balear Uharteak), baina hala egitea galaraziko dio bertako udalak. Kapitaintza orokorrari jakinarazi dio okupazio hori ospatzeko proposamena ez dela "egokitzen" hango udalbatzak bozkatutakoarekin, eta, horrela, ez dio eremu publikorik utziko. Ez da uharte horretan jarrera hori hartzen duen lehen udalerria. Duela hilabete, beste horrenbeste egin zuten Manacorren.
2015ean, Mallorcako erreinuan sartu izanaren 300. urteurrena ospatzen ari da armada. 1715eko ekainaren 15ean Felipe V.a erregearen tropak Mallorcan sartuta, 1229an sortutako Mallorcako erreinua azpiratu zuten.
Polemika Iruñean
Iruñean, tankera horretako polemika piztu da egunotan. Iruñeko Ziudadelan erakusketa bat egitekoa zen Espainiako Polizia urriaren 19tik azaroaren 1era bitartean, baina udal gobernuak abuztuan erabaki zuen Ziudadela soilik helburu kultural eta artistikoetarako erabiltzea.
Besteak beste, Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak kritikatu du Poliziaren erakusketa Ziudadelan ez egitea, eta "zentsuraz" jokatzea egotzi dio udal gobernuari. Joseba Asiron alkateak azaldu du erakusketa hor egiteak ez duela esan nahi bertan behera geratu denik, eta "beste leku batean" egin beharko dutela gaineratu du: "Horrelako gai bati buruzko erakusketak Barne Ministerioaren aretoetan, koarteletan eta abarretan egin beharko dira".