«Gutxi da eskatzen duguna. Ez dugu guri arrazoia onartzea eskatzen, mahaiaren inguruan jarri eta elkarrizketa has dezatela baizik. Inork egin diezaioke uko elkarrizketari gaur egungo munduan, eta gero bere burua Mendebaldearen, kristautasunaren eta askatasunen eredu gisa aurkeztu? Ezetz uste dut». Cristina Fernandez Argentinako presidenteak esan ditu hitzok NBE Nazio Batuen Erakundeko Deskolonizaziorako Batzorde Bereziaren aurrean. Atzo bete zen, hain zuzen, argentinarrek Malvinetako uharteetako gerra galdu zuteneko 30. urteurrena.
Fernandezek «buru gehiagorekin jokatzeko» eskatu dio Erresuma Batuari, eta uharteen subiranotasunari buruzko negoziazioa hasteko. NBEren Deskolonizaziorako Batzorde Bereziak, era berean, bi herrialdeei eskatu die negoziazioei ekiteko, «arazoari konponbide baketsua, zuzena eta iraunkorra bilatzeko ahal bezain laster».
Batzorde berean Malvinetako bi ordezkarik ere hitz egin dute, eta herritarren borondatea errespetatzeko eskatu diote Fernandezi. Datorren urtean autodeterminazio erreferenduma egingo dute, eta Londresek onartu egin du. Erresuma Batuan jarraitzearen alde daude herritar gehienak.
Malvinei buruz negoziatzeko eskatu dio Argentinak Londresi
NBEren Deskolonizaziorako Batzorde Bereziak ere elkarrizketa eskatu die bi herrialdeei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu