Argentina

Malvinetan izenik gabe lurperatutako 123 soldaduak atera dituzte

Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak gorpuak identifikatzen jardun du joan den ekainaren 20az geroztik. Azken emaitzak urte bukaerarako espero dituzte.

Gerran hildako soldaduen hilerria. SARA MARTOS, EFE
2017ko abuztuaren 8a
18:32
Entzun

Argentinaren eta Erresuma Batuaren arteko gerran hil zituzten, 1982an, eta Malvinetan lurperatu. Orotara, 123 dira izenik gabe lurperatutako soldaduak. Iazko urte bukaeran bi herrialdeek hitzartutako akordioari esker, Nazioarteko Gurutze Gorriak ekainean hasi zituen gorpuak lurpetik ateratzeko lanak. Harekin batera lanean ari dira Aranzadi zientzia elkarteko kideak eta EHUko talde bat. Gurutze Gorriak jakinarazi du amaitu berri dituztela soldaduak identifikatzeko lanak.

Darwin herriko hilerrian daude gorpuak lurperatuta, eta hara joan dira adituak soldaduei izen bat emateko helburuarekin. "Espero dut arrakasta izanen dugula hilobietako batzuk identifikatzen. Plaketan ez luke inoiz gehiago paratu behar Jainkoak bakarrik ezagutzen duen soldadu argentinarra", adierazi zuen Laurent Corbaz proiektuaren arduradunak, joan den hilean.

Gurutze Gorriko auzi mediku Morris Tidball-Binzek azaldu duenez, "ahalik eta konturik handienarekin" aritu dira lanean, bai laginak hartzean eta bait gorpuak berriz lurperatzeko lanean: "Misioa zaila izan da, baina hemen aritu direnek esperientzia handia dute halakoetan, baita konpromisoa ere misio humanitarioetan". Taldeak lanak amaitutakoan, jasotako laginak desagertuen senideenekin alderatuko dituzte, eta espero dute azken emaitzak urte bukaerarako izatea esku artean.

1982an piztu zen Argentinaren eta Erresuma Bataren arteko gerra, Malvinen gaineko kontrola zela eta. Urte horretako apirilaren 2an, Argentinak armada bidali zuen uharteetara. Erresuma Batuko armadak ere bidali zituen tropak. Bi hilabetez luzatu ziren borrokak, argentinarren errendizioa adostu zuten arte. Borroketan, 649 argentinar, 255 britainiar eta uharteko hiru herritar hil ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.