Mamuen batailoiak

Mendebaldeak 'Xabiha' milizia erabiltzea leporatu dio Baxar al-Assadi; Errusiak, berriz, CIA eta Al-Qaeda ikusten ditu oposizioaren atzean.

Jon Fernandez.
2012ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Beltzez jantzitako gizonak dira, lekukoen arabera, armaz josiak, eta, iazko martxoan Baxar al-Assaden kontrako matxinada hasi zenetik, jende andana hil dute Sirian. Baina inork ez daki ehunka ala milaka diren, nola antolatuta dauden, ezta zehazki zeinen agindupean ari diren ere. Xabiha izenez dira ezagun Sirian—mamua esan nahi du arabieraz— eta Damaskoren izugile izatea egozten die oposizioak. Berba entzute hutsak beldurra eragiten du siriarren artean, pasa diren lekuetan odola eta gorpuak baino ez dituztelako laga. Baina ez da mamu ezezagunek osatutako batailoi bakarra: oposizioko Siriako Armada Askearen atzean nor dagoen ere ez dago argi, ezta Damaskori egotzitako eraso askoren atzean haiek ote dauden ere.

Hosni Mubaraken aldeko miliziei balataija deitu zieten Egiptoko matxinoek; Muammar Gaddafiren aldeko miliziei, berriz, zengaLibiako matxinoek. Xabiha izenaren erabilera iazko martxoan hasi zen hedatzen Sirian, baina lehenagotik zen ezaguna herrialdearen kostaldean. Oposizioaren arabera, Latakia, Baniyas eta Tartus hirietan sortu zuten Xabiha Hafez al-Assad Siriako presidente ohiaren ilobek, 1970ean, osabak estatu kolpearen bitartez boterea lortu eta gero. 1990eko hamarkadan drogen, armen, erregaien eta ondasunen kontrabandoan aritzen ziren mafia gisara, kostaldeko portuak aprobetxatuz. Poliziak ezikusiarena egin zien, harik eta 2000. urtean Baxar al-Assad boterera iritsi zen arte. Presidenteak, ustez, taldea desegin zuen joan den hamarkadan. 2008an, esaterako, Nummir al-Assad Xabiha-ko kide garrantzitsu eta Al-Assaden lehengusua atxilotu zuten moneta aldatzeko bulego baten lapurtzen saiatzeagatik. Familiako ardi galdutzat jo zuten orduan assadtarrek.

Baina, iaz gobernuaren kontrako matxinada indartsua piztu zenean, berriro agertu zen Xabiha, Damaskori laguntzeko. Oposizioko taldeek eta sarraskien lekukoek azaldu dutenez, arma astunak dituzte eta Al-Assaden kontrako milaka zibil exekutatu dituzte. Siriako Giza Eskubideen Behatokiko kide Ammar Qurabiren ustez, Xabiha-ko kideek ez dute indarkeria erabiltzeko beldurrik, eta Damaskok bere mesederako erabiltzen ditu: «Horrela, erregimenaren eskuak garbi daude, eta, gainera, zera esaten du: 'Begira, gizon armadun horiek dira hilketak egiten dituztenak, eta ez gu'».

Xabiha asko zibilez jantzitako soldaduak direla ere esan izan dute lekukoek. Gehienak, assadtarrak bezala, alauitak dira —xiiten korronte batekoak—, eta jendea sunita izate hutsagatik hiltzen ari direla salatu dute oposizioko taldeek. Siriakoa, finean, suniten eta alauiten —xiiten— arteko borroka dela azaldu izan dute zenbait zibilek.

Al-Assadekiko harremana jada iazko maiatzean nabarmendu zuen Europako Batasunak, presidentearen lehengusu Fawwazi eta Munzirri zigorrak ezarri zizkienean, «Xabiha-ko kide moduan gizarte zibilaren kontrako errepresioa egiteagatik».

Oposizioaren armada

RT Russia Today kateak, berriz, gatazkaren beste aldean ikusten ditu mamuak. Qatarren eta Saudi Arabiaren menpeko Al-Jazeera eta Al-Arabiya kateek hasieratik esan zuten Siriako Armada Askea Al-Assaden armadatik ihes egindako soldaduek osatu zutela, «baina errealitatea oso bestelakoa da», RTren ustez. «Oposizioko harmada hiru taldek osatzen dute. Batetik, desertore gutxi batzuek; bestetik, iman saudiarabiarrek eta Al-Qaedak aldarrikatutako gerra santuak itsututako Siriako Anaia Musulmanek; baina, batez ere, Al-Qaedak errekrutatu eta Qatar eta Saudi Arabiakoek ordaindutako mertzenario jihadista eta salafista atzerritarrek».

RTrentzat «paradoxikoa» da «Al-Qaeda berriz ere CIAren agindupean aritzea». Izan ere, AEBetako agentziaren laguntzarekin sortu zuten Al-Qaeda 1990eko hamarkadan, Afganistanen sobietarren kontra egiteko. Moskuren ustez, CIAk Turkian ezarri du bere logistika zentroa, bertan mertzenarioak errekrutatu ostean muga gurutzatuz Siriara bidaltzeko. «Qatarko eta Saudi Arabiako petrodolarrekin finantzatu dute ezkutuko megaoperazioa».

Gainera, Siriako Armada Askeak bukatutzat eman du Kofi Annanen bake plana, RTren arabera. Azken finean, joan den apirilean su-etena onartu arren, oposizioak sistematikoki urratu du, gobernuak egin duen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.