Joan den larunbatean hartu zuen Lakhdar Brahimik Kofi Annanen lekukoa NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren Siriarako mandatari berezi gisa, eta bere jardunean hasi orduko etsita agertu da, «ilusiorik gabe» dagoela erran baitu, bere eginkizuna «ia ezinezkoa» delako. Annanen sei puntuko planari eutsi nahi diola adierazi du, «egokitzapenen batekin», baina mandatari berriak onartu du oraindik ez duela planik egin. «Ideia batzuk ditut soilik». Larunbatean Damaskora joatekoa da Brahimi, bertzeak bertze Baxar al-Assad presidentearekin elkartzeko. Siriako Gobernuak, berriz, adierazi du Brahimik ez duela arrakastarik izanen Qatarrek, Saudi Arabiak eta Turkiak matxinoei laguntza eten ezean.
«Lan honetara begiak zabalik dauzkadala heldu naiz, ilusiorik gabe», adierazi dio Brahimik BBC kateari. «Badakit zein zaila den, ia ezinezkoa. Ezin dut erran ezinezkoa denik, baina ia ezinezkoa». Mandatari karguak duen ardurarekin «beldurtuta» dagoela ere adierazi du Aljeriako diplomazialariak. Izan ere, Brahimik ez du ikusi «inongo hausturarik Annan garaitu zuen adreiluzko paretan». Pareta hori Siriako Gobernuaren «intrantsigentziak», matxinoen erasoen gogortzeak eta NBEren Segurtasun Kontseiluaren «blokeoak» osatuko lukete—Annan bera hiru faktore horietaz kexatu zen kargua utziko zuela iragarri zuenean—.
Aldaketa, «premiazkoa»
Sirian aldaketa politiko bat gauzatzea «premiazkoa eta oinarrizkoa» dela erran du Brahimik, eta hori ezin dela «azalekoa» izan. Al-Assaden etorkizunak zein izan beharko lukeen ez du erran—oposizioko talde gehienek eta Mendebaldeak alde egiteko exijitzen diote—. «Ordena berri bat ezarriko da, baina ez dakit nortzuk izanen diren ordena berri horren kide. Hori Siriako herriak erabaki beharko du». Matxinoekin hurbileko ez agertzen ere saiatu da, nazioarteko bi erakunderentzat lanean ari dela nabarmenduz. BBCk argitaratu du larunbatean Siriara joatekoa dela Brahimi; iganderako, baina, Nabil al-Arabi Arabiar Ligako idazkari nagusiarekin hitzordua du Kairon, Al-Arabik berak jakinarazi duenez.
Annanek karguari uko egin ondotik, NBEk eta Arabiar Ligak joan den hilaren erdialdean izendatu zuten Brahimi Siriarako mandatari berezi. Aljeriako Atzerri ministro izan zen bi urtez (1991-1993), baina horren aitzinetik eta ondoren NBEko mandatari izan da hainbat tokitan: Libanon, Afganistanen, Iraken eta Hegoafrikan, bertzeak bertze.
Brahimi hagitz ezkor agertu den arren, Siriako Gobernuak hura laguntzeko «benetako interesa» duela adierazi du Omran al-Zubi Informazio ministroak. Al-Zubiren arabera, mandatariaren lanak duen mehatxu bakarra matxinoek atzerritik jasotzen duten laguntza da. «Mandatariaren misioaren arrakasta Qatarrek, Saudi Arabiak eta Turkiak berehala armak bidaltzeari uztearen, terroristei mugak ixtearen eta errefuxiatuak ez hartzearen baitan dago». Siriako Gobernuaren aurkako nazioarteko konspirazioa «agerian» gelditu dela erran du Al-Zubik, eta arestian aipatutako hiru herrialdeak ez ezikAEBak eta «Europako herrialde batzuk» egoeraren erantzuleak direla.
CIAko burua, Turkian
Al-Zubik aipatutako herrialdeak matxinoei laguntzen ari direla jada publikoki onartutako auzia da, baita laguntza hori helarazteko elkarren artean koordinatzen direla ere. Horren azkenetako adibide bat da David Petraeus AEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentraleko buruak Turkiara egindako bidaia. Recep Tayyip Erdogan lehen ministroarekin eta Hakan Fidan Turkiako zerbitzu sekretuetako buruarekin biltzekoa zen Petraeus. Sei hilabetean Turkiara egin duen bigarren bidaia da.
Oposizioko SNC Siriako Kontseilu Nazionalak, berriz, nazioarteko esku hartze militar bat eta matxinoei armak helarazteko eskaera egin du bertze behin. Abdel Basset Syda erakundeko presidenteak Madrilen eskatu du hori.
Bertze bidaia aipagarri bat Peter Maurer Gurutze Gorriko presidenteak egin du. Damaskora ailegatu zen atzo, hiru eguneko bidaia bat egiteko. Al-Assadekin elkartzekoa da Maurer, Gurutze Gorriak giza laguntza banatzeko dituen arazoez mintzatzeko.
Mandatari etsia
Lakhdar Brahimi NBEren Siriarako ordezkariak bere eginkizuna «ia ezinezkoa» dela erran du kargua hartu eta bi eguneraDamaskoren ustez, matxinoek atzerritik jasotzen duten laguntza da arazo nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu