Manifestariak hiltzeko agindu izana ukatu egin du Siriako presidenteak

Bashar al Assadek zalantzan jarri du Nazio Batuen Erakundearen sinesgarritasuna

Erredakzioa
2011ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Joan den martxoan Sirian borrokak piztu zirenetik gertatutakoak ez dira Bashar al Assaden gobernuaren zapalkuntzaren ondorioa. Horixe azaltzera atera da Siriako presidentea ABC News-en: ukatu egin du manifestariak hiltzeko agindu izana. Esan duenez, hori «ero batek» bakarrik egingo luke. Horrez gainera, hildakoetatik gehienak gobernuaren aldekoak izan dira, militarrak tartean, eta ez oposiziokoak. Nazio Batuen Erakundeak dagoeneko 4.000 hildako zenbatu ditu, baina AEBak, Europako Batasuna eta Arabiar Ligak indarkeria amaitzeko egindako eskaerak «interesatuak» dira; ez dute errealitatearekin zerikusirik.

Gizabanakoen «hutsegiteak» dira manifestarien kontrako errepresioa, ez instituzioen politika. «Ezberdintasun handia dago», Siriako presidenteak nabarmendu duenez. Al Assadek ez du askotan hitz egiten, eta mintzatu denero zalantzan jarri du Nazio Batuen Erakundearen sinesgarritasuna. Orain ere bai. Presidentearen kalkuluen arabera, erregimeneko1.100 polizia eta militar hil dira azken hilabeteotan, eta manifestazioan iskanbilak Al Kaedarekin lotutako «atzerriko indarrek» eragin dituzte.

Nazioartean jarri dizkioten zigorren eraginari, berriz, garrantzia kendu dio: «Zigorren jopuntuan gaude duela 30 edo 35 urtetik; ez da berria». Siria ez dago «bakarturik», eta oraindik merkataritza harremanak dauzka, eta herritarrek ere mugitzeko oztoporik ez dute.

Arabiar Ligaren kezka

Arabiar Liga, berriz, sinetsita dago Sirian indarkeria konfesionala bilakatzen ari dela, eta uste du Damaskoren usteko krimenak Arabiar Ligak krisitik ateratzeko egiten ari den saioa zapuzten dutela: «Mehatxua dira gu egiten ari garen esfortzuak ezertarako balio ez izateko». Nabil al Arabi idazkari nagusiarentzat egunero handik iristen diren hilketen albisteak «kezkagarriak eta tristeak» dira. Sirian gertatzen diren hilketak eta errepresioa «ezkutaezinak» direla uste du.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.