Autodeterminazioa eta independentziaren aldeko hainbat elkarretaratze eta protesta ekintza egin dituzte aste honetan lurralde okupatuetan. Azkena herenegun, Bojadorren. Fronte Polisarioko iturrien arabera, gutxienez hamasei saharar zauritu ziren Marokoko Poliziak manifestarien aurka egin zuenean. Marokoren kolonialismoaren aurkakoa eta autodeterminazioaren aldekoa zen elkarretaratzea, eta Mendebaldeko Saharako diplomazialariek antolatu zuten.
Liskarrak, baina, ez dira Bojadorren bakarrik izan. Asteartean, antzeko elkarretaratzea egiten saiatu ziren Gulminen, Marokoko hegoaldean. Baina beste behin Poliziak indarrez sakabanatu zituen Mendebaldeko Sahararen egoera eta Rabaten politikak gaitzesteko bildutako manifestariak.
Lurralde okupatuen egoera
Maiz isilean geratzen diren arren, azken asteetan atxilotu eta zauritu ugari izan dira Mendebaldeko Saharan. Askotan zergatik atxilotzen dituzten jakinarazi ere egin gabe eramaten dituzte beren etxeetatik. Hori izan da, hain zuzen ere, Akhtur Ali Brahim eta Mohamed Essaulkiren kasua. Biak asteartean atzeman zituzten beren etxeetan, eta gau batez izan zituzten preso, haien kontrako salaketarik aurkeztu gabe. Hurrengo goizean, aske utzi zituztenean, torturak salatu zituzten biek.
Bestalde, irailaren bukaeran Smaran bertan borroka gogorrak izan ziren. Aste honetan, Bojador eta Gulminen gertatu bezala, Poliziak indarrez sakabanatu zituen Polisarioaren aldeko manifestariak. Borroketan hainbat lagun zauritu eta dozenaka atxilotu zituzten. Fronte Polisarioak gogor gaitzetsi zuen Rabaten jokabidea.
Manifestazio baketsuak Mendebaldeko Saharan
Okupazioa gaitzesteko egindako protestak indarrez sakabanatu dituzte Marokoko segurtasun indarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu