Manuel Valls Frantziako Barne ministroa eztabaidaren erdian da orain ere. Frantziak ijito familia kosovar bateko 15 urteko ikasle bat atxilotu eta deportatu du, eta horrek Vallsen immigrazio politikaren kontrako kritikak piztu ditu. Gaur Parisko hainbat lizeotako ikasleek ikastetxeetako sarrerak blokeatu dituzte paperik gabeko ikasleen deportazioak bertan behera uzteko eskatuz.
Ikasle kosovarrak bost urte zeramatzan Levierren ikasten, Frantzia ekialdean, Suitzako mugan. Urriaren 9an jakin zenez, Poliziak Andre Malraux de Pontarlier lizeoko ikasleak zeramatzan autobusa gelditu eta jaitsiarazi egin zuten ikasle kosovarra. Atxilotu eta biharamunean deportatu egin zuten amarekin eta bost anai-arrebekin batera. Aita bezperan deportatu zuten.
Valls gogor, deportazioen alde
15 urteko gaztea eta bere ikaskideak Sochauxera zihoazen, hiria bisitatzera, eta irakasleek poliziei eskatu behar izan zien atxilotu aurretik beste ikasleak zeramatzan autobusa aldentzen uzteko, ez zezaten ikaskidea negarrez Poliziaren autoan sartzen ikusi. Kasu horrek Vallsen immigrazio politikaren krudeltasuna utzi du agerian, eta asko izan dira hori salatu dutenak. Gogor agertu da Barne ministroa 20.000 ijitoren deportazioak agintzeagatik.
Vallsek, ordea, polizien lana defendatu du, esanez "kanpora joateko agindua duten atzerritarren eskubideak" errespetatuz aritu zirela. Eztabaida, baina, Frantziako Gobernuaren barruan ere piztu da, eta Vallsek ikerketa bat abiatu behar izan du Jean-Marc Ayrault lehen ministroak eskatuta. Gobernuaren barruan deportazio politikaren kontra gogorren mintzatu dena Vincent Peillon Hezkuntza ministroa izan da, ikastetxeak babesleku bihurtzeko eskatuz.
Claude Bartolone Asanblea Nazionaleko presidenteak ezkerrak bereak dituen baloreak errespetatzeko eskatu du, horiek gabe bere arima galduko lukeela argudiatuz, alderdi sozialista zeharka aipatuz. Asanbleako talde sozialistako bozeramaileak ere adierazi du ez dagoela ikastetxeetara haurren bila joan beharrik eta ikasle kosovarraren familia integrazio bidean zegoela "zirudiela" esan du.
"Eskuin muturraren lurretan ehizan"
Alderdi sozialistatik kanpo hitz gogorrenak Jean-Luc Melenchon Ezkerreko Fronteko buruarenak izan dira. Vallsen politika ez dela gizalegezkoa salatu du. Lehenagotik ere "eskuin muturraren lurretan ehizan" aritzea leporatu dio. Europako Parlamentura begira egindako azken inkestek Le Penen alderdiaren gorakada agerian uzten duten unean, Vallsek balizko boto-emaile horietatik edan nahi duela dirudi. Hain zuzen, Gobernuko ministroen artean herritarrek ondoen ikusten duten ministroa da Valls.
Melenchonek, baina, Barne ministroaren kontraesana salatu du: batetik Europa ekialdeko ijitoak ez direla integratzen esaten duela, eta bestetik, Poliziari ikastetxeetara arte jazartzeko agintzen diola. Urteko lehen zortzi hilabeteetan Europa ekialdeko 18.126 ijito kanporatu ditu Frantziak, batik bat, Errumania eta Bulgariakoak.