Hondurasen lurreratu nahi zuen bart Manuel Zelayak, baina armadak galarazi egin dio Tegucigalpa hiriburuan lurreratzen bera zeraman hegazkinari, eta El Salvadorrera joan behar izan du, San Salvador hiriburura. Hondurasko soldaduek hainbat eta hainbat ibilgailu jarri dituzte Tegucigalpako aireportuko pistan, lurreratzea eragozteko.
Zelayaren aldeko hainbat jarraitzaile izan da aireportuan, eta armadarekin borrokak izan dituzte. Gutxienez bi lagun hil dira, eta hamar inguru zauritu.
Armadak lehengo astean, estatu kolpea emanda, Zelaya presidente postutik kendu egin zuen, eta Costa Ricara bidali. Roberto Micheletti da harrezkero Hondurasko buru.
El Salvadorrera iritsi aurretik, une batez Nikaraguan izan da -Managuan-, eta Daniel Ortega presidentearekin batzartu da, baita Fernando Lugo Paraguaikoarekin ere.
El Salvadorren, Mauricio Funes herrialdeko presidentearekin, Cristina Fernandez Argentinakoarekin eta Rafael Correa Ekuadorkoarekin bildu da, baita Jose Miguel Insulza Amerikako Estatuen Erakundeko (OEA) idazkari nagusiarekin ere. Hondurasko soldaduei armak "jaisteko" eskatu die.
OEAk larunbatera arteko ultimatuma eman zion Hondurasi, honek berriz ere Zelaya jar dezan gobernuko presidente. Hondurasek ez dio jaramonik egin; gainera, utzi egin du OEA.
munDUA
Manuel Zelayak ezin izan du Hondurasen lurreratu, eta El Salvadorrera joan da
Hondurasko armadak galarazi egin dio Tegucigalpa hiriburuan lurreratzen bera zeraman hegazkinari. Gutxienez bi lagun hil dira Hondurasko presidente ohiaren eta soldaduen arteko borroketan. Nikaragua, Paraguai, El Salvador, Argentina eta Ekuadorko presidenteekin bildu da gaur Zelaya.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu