Auzo grisa da Balikun, merkatuak koloreak ostu izan balizkio bezala. Porlanezkoak dira etxeak, eta estuak kaleak. Bizilagun guztiak etniakideak dira: uigurrak, jatorri turkiarreko musulmanak. Eta gehienak, Abulaitiren moduan, kalean saltzen dutenarekin ateratzen dute bizimodua. Baina ez da hori hiriburuaren argazki fidela. Han etniakoak dira nagusi Urumqin; Txinako beste probintzia batzuetatik etorritakoak. Kolonoak, zehazki esanda.
Haiek ez dute zementua gustuko, eta hiriaren kanpoaldean bizi dira. Yamashanen, esaterako. Balikunen bezala, auzoan nagusi den etniaren eskuetan daude bertako negozioak. Fruta postuak beharrean, eraikuntza enpresak dira, ordea. «Uigurren eta han etniakoen arteko aldea hainbat faktore historikorengatik da», azaldu du auzokide batek, Wu Fuhuan Xinjiango Gizarte Zientzien Akademiako irakasleak. «Mesede asko egin dizkigu historiak», zehaztu du han etniako kideak.
Baieztapen horrekin haur bakarraren politikari egin dio erreferentzia, zehazki. Kultur Iraultzak (1966-1976) gutxiengo etnikoei eragindako ondoeza arintzeko asmotan, kalte-ordain moduan, Txinako Alderdi Komunistak haur bakarraren politikatik libratu zituen 1979an. Hala, han etniako bikoteei baino ez die eragiten biztanleriaren hazkundea kontrolatzeko neurri horrek. Ondorioz, han familiek seme-alaba gutxiago dituzte. Aho gutxiago jaten emateko. Eta per capita errentaaltuagoa, logikaz.
Baina bada bestelako faktorerik, abantailekin baino gehiago bazterkeriarekin zerikusia dutenak. 1949an Txinako Armada Gorriak Ekialdeko Turkestango Errepublika inbaditu zuen, eta, hala, bost urteko burujabetzari amaiera eman. Ordutik, milaka han heldu dira Xinjiangera-hala du izena probintziak Txinaren menpe dagoenetik-. Eta osasun zerbitzuak, etxebizitza erosoenak eta lan onenak haien eskuetan daudela salatzen dute uigurrek.
Arrazoi horiengatik guztiengatik, eta beste hainbatengatik, bizi da AbulaitiBalikunen.Eta argudio berberengatik du Wuk Yamashanen etxea. Ezberdinak dira, eta ezin senti daitezke talde bereko. Uigur musulmana da bat, eta han etniako kidea bestea. Sinesmenak baino gehiago, patrikak banatzen ditu, ordea. Akabo Mao Zedongek amestutako gizartea.«Txinako biztanleen nortasun komuna jada ez da existitzen», dio, horren harira, Jian Junbok. Fudango Unibertsitateko (Shanghai) nazioarteko harremanetako irakaslearen ustez, garatzearekin batera, etniaz gaindiko berdintasun ideiak porrot egin du. «Egun, txinatarrak hanak, uigurrak, huiak edo uzbekoak dira. Alderdi Komunistak nahiko lukeen nortasun bakarra, langile sozialista, ez dago jada». Izan ere, klaseen borroka dago gizarte komunistaren oinarrian. Eta hori hala, bai han etniako langileek, bai uigur etniakoek nortasun bakarra zuten Mao Zedongentzat: langileak ziren, beste bereizgarririk gabe. Azken hori apurka-apurka ahulduz joan den kontzeptua dela iritzi dio Jianek, eta Urumqin uztail hasieran izandako liskarrak dira azken froga. «Kontu askoz larriago baten hasiera da»,iragarri du, ezkor.
Bazterkeriagatiko liskarra
Uztailaren 5ean piztu zen sua Xinjiango hiriburuan. Txinako poliziek protesta baketsu batindarrez sakabanatu zutenean. Manifestaziora 300 bat ikaslek deitu zuten, joan den hilean Shaoguango lantoki batean, Txinako hegoaldean, gertatutakoa salatzeko. Txinatar uholde batek uigur etniako bi lagun hil zituzten ekainaren 26an, eta beste 118 jipoitu.
Protesten osteko liskarren ondorioz, 156 lagun hil zirela jakinarazi zuen Gobernuak hasiera batean.Baina joan den astean biktimak 184 izan zirela aitortu zuten. Uigur diasporak, baina, 600 eta 800 artean hil direla dio. Igande odoltsuaren ondoren, asteartean, han etniako herritarrak atera ziren kalera, uigurren bila, makilak, metalezko hodiak eta labanak eskuan.
Txinako Gobernuak etnien arteko aldeak ezkutatu eta «atzerrian dauden terroristek eta muturreko separatistek» sustatutako gertakari gisa azaldu du Urumqikoa. Halaxe zioen atzo He Yafei Atzerri ministrordeak. Eta «muturreko ekintzaile» horiek AEBetan bizi direnez -Rebiya Kadeer uigurren diasporako buruzagia, esaterako-, haien «jarduera separatistak» aurreikusi eta ekiditeko eskatu zioten Washingtoni.
Baina uigurren arabera, jarrera horrekin beren kulturaren kontrako eraso sistematikoak ari da estaltzen Pekin. Kashgar hiri zaharraren kasua da erasoaldi horren erakusle garbiena. Lurrikara batek iazko maiatzean Sichuanen eragindakoa bezalako giza hondamendia ekiditea argudiatuta, hiriko alde zaharra berritzen ari dira; uigur kulturaren ondare zaharrena eraisten (1.500 urte ditu, eta Zetaren Bidean garrantzia izan zuen), merkataritza guneak eta karaokeak eraikitzeko. Garapena da hanentzat, iraina uigurrentzat. Eskualdeko gobernuak 1990eko hamarkadan onartu zuen ekimena, eta ordutik auzoaren erdia desagertu da. «Apetazkoa da erabakia», dio Matthew Hu Xinyuk, Pekingo Kultur Ondarearen Babeserako Zentroko zuzendariak. «Lurrikararen batekin alde zaharra ez erortzea baldin bada helburua, beste hainbat hiritako alde zaharrenekin ere berdin egin beharko lukete, Pekingoarekin bertakoarekin, adibidez», azaldu du. Txinan, baina, denak ez dira berdinak.
Rebiya Kadeer.Uigurren Munduko Kongresuko presidentea
Autodeterminaziorako eskubidea modu baketsuan aldarrikatzen dutela dio uigurren diasporako buruzagiak; hala ere, hori lortzetik oso urrun daudela aitortu du.
«Terroristak garela dio Txinak, nazioarteak babesa uka diezagun»
L. Ventas.New Yorketik Txinan gertatu ziren protestak sustatu eta gidatzea leporatzen dio Pekinek. Rebiya Kadeer-ek (Lashkar, 1947) ukatu egin ditu salaketok. Bakezalea dela dio, eta horrexegatik izendatu zutela 2006an Bakearen Nobel Sarirako hautagai. Uigurren Munduko Kongresuko presidentea da; diasporako liderra. Badira lau urte Ameriketako Estatu Batuetan bizi dena. Espetxetik atera zenetik, hain justu. «Ekintza separatistak» egin zituelakoan atxilotu zuten, 1999an. Senarra Washingtonen bizi zen, eta hari Txinako egunkariak bidaltzea jo zuen Pekinek ekintza separatistatzat. Erregimenaren etsai bilakatu aurretik, Txinako Legebiltzarkidea izan zen. Baita enpresaburu aberatsa ere.
Liskarrak zuk zeuk sustatu dituzula dio Txinako Gobernuak.
Gezurra da. Uigurron ahotsa ordezkatzen dut nik, eta Ekialdeko Turkestango uigurrek lidertzat naukate. Horregatik leporatzen didate hori. Baina ez daukat zerikusirik.
Zergatik han etniako herritarrek (ez soilik Poliziak edo militarrek) armak hartu eta esetsi zituzten uigurrak?Nondik dator halako gorrotoa?
Txinako herritarrek beren gobernua babesten dute beti. Han etniako herritarrak ez dira uigurrez eta tibetarrez fio. Eta edozein aitzakia da ona indarkeria baliatuz haien kontra ekiteko. Eguneroko kontuak dira.
Zer moduzkoa da uigurren eta han etniako herritarren arteko harremana? Elkarbizitza baketsua dute?
Harreman lazgarria da. Txinako Gobernuaren doktrinatzearen emaitza da. Uigurrak terroristak, separatistak, muturrekoak, indarkeriaren aldekoak, ankerrak,atzeratuak eta gaizkileak direla irakasten dute eskoletan eta hedabideen bidez. Nolabaiteko bolada baketsuak izan ditugu, baina hori guztia atzean geratu zen, 1990etik aurrera Txinako Gobernuak uigurrak indarrez asimilatu nahian hasi zenean.
Txinako Gobernuak 20.000 soldadu bidali zituen Xinjiangera, liskarrak hasi zirenean. Uigurrak babesteko zirela argudiatu zuen. Zuek, ordea, gezurtatu egin duzue hori, haiek atxilotutakoen artean han etniakorik ez dagoela arrazoituta.
Eta halaxe da. Urumqiko egoera kontrolpean zuela zioen Txinak.Beste zerbait ezkutatu zuen: militarrek uigurrak zeuzkaten kontrolpean, indarra baliatuz, eta txinatarrek baimen osoa zuten gutarrei erasotzeko.
«Uigur kultura desagerrarazi nahi dutenez, pobre bizitzera behartzen gaituzte, hala ezin baitugu jatea ez den bestelako kontuez arduratu», esan izan duzue. Nola egiten du hori Txinako Gobernuak?
Lan guztiak, etxebizitzak eta osasun zerbitzuak Txinako ekialdetik etorritako txinatarrentzat dira. Ikasketa gehien dutenek ere ezin izaten dute enpresetan lan egin, horiek txinatarren eskuetan baitaude, eta ez baitituzte langile uigurrak kontratatzen.Nekazari uigurrek lantzen dituzten lurrak kendu eta etorkin txinatarrei ematen dizkie Gobernuak. Horregatik dute uigurrek Txinako bizi-mailarik apalena, nahiz eta Ekialdeko Turkestanen olioa, gasa, urrea eta 120 mineral ekoizten diren.
Uigurren auzia nazioartean Tibetekoa bezain ezaguna egingo den beldur da Txinako Gobernua?
Bai. Horregatik saiatu da behin eta berriz uigurrak terrorismoarekin lotzen; nazioarteak babesa uka diezaion autodeterminaziorako gure borroka baketsuari.Baina ez du lortu. Nazioarteak sostengatu egiten gaitu.
Zergatik aldatu da hainbeste zure eta Txinako Gobernuaren arteko harremana? Legebiltzarreko kide izatetiketsai politikoa eta publikoa izatera igarozara; «pertsona arriskutsua», Txinak zenbaitetan esan duen moduan.
Txinako Alderdi Komunistak niretzat nahi zuen papera bete ez dudalako. Txotxongiloa izatea nahi zuten, egun Nur Bekri den moduan [Xinjiango diputatu uigurra da Bekri. Txinako Legebiltzarreko hainbat eserleku gutxiengoei gordetzen dizkiete]. Agintariek espero zutenaren kontra, giza eskubideak, erlijio askatasuna eta nire jendearentzat berdintasuna sustatu dudanez, ez naute asko maite. Nire jendea salduko banu, bidezko borrokari terrorismo deituko eta errepresioa babestuko, Hu Jintaok «Txinaren lagun onena» naizela esango luke. Baina ni ez nago nire jendea saltzeko prest, erregimenarekin harremana hobetzearren.
Musulmanak zaretela eta, gogorragoa da egoera uigurrentzat 2001eko irailaren 11z geroztik?
Bai. Txinak irailaren 11 uigurrak esesteko aitzakia gisa erabiltzen du. Musulmanak garenez,Txinak pixkanaka-pixkanaka Al Kaedarekin lotura dugun terrorista gisa aurkeztu gaitu. Baina huts egin du, nazioarteak ez baikaitu hala ikusten. Ez dago uigurren indarkeriaren ebidentziarik.
Olinpiar Jokoetan ekintzaile uigurrek lehergailuak zartarazi zituzten.
Guk ez daukagu Ekialdeko Turkestango Islamiar Mugimenduarekin zerikusirik.
Ondoren terrorista deitu ahal izateko, Txinako Gobernuak uigurrei armak harrarazi diela diozu. Azaldu hori, mesedez.
Ez dut sekula esan Txinako Gobernuak armak hartzera behartu gaituenik. Esan dudana zera da: Txinako Gobernuak, eta segurtasun indarrek bereziki, uigur baketsuak harriekin eta adreiluekin erantzutera behartu dituela. Indarkeriarekin erantzutera behartu gaituzte, indarkeria baliatu dutelako. Negar gasarekin eta zakurrekin sakabanatu zituzten modu baketsuan protestan ari zirenak joan den ekainaren 15ean. Ibilgailu militarrekin sartu ziren jende artean, eta, ondoren, bereizi gabe egin zutentiro, eta ehunka lagun hil.
Zer da zehazki uigurrek eskatzen duzuena? Independentzia, autodeterminazio eskubidea, autonomia? Zertan da prozesua?
Nazioarteko legediak aitortzen duen autodeterminaziorako eskubidea aldarrikatzen dugu uigurrok, modu baketsuan. Baina oso-oso urrun gaude hori lortzetik. Egun, Txinako Gobernua ez dago prest proposamen oinarrizkoena ere onartzeko. Autonomiaz ari naiz. Eta Pekinen jarrera agerian geratu zen agintari txinatarrak dalai-lamaren ordezkariekin bildu zirenean. Atzera-kontua hasi ahalko dugu Txinak erreforma politikoei ekin eta demokrazia bilakatzen denean.