Txileko presidentetzarako hauteskundeetarako hiru egun geratzen direnean, Maputxeei herri izaera ematea aztertuko du Senatuak Ricardo Lagos presidenteak hala eskatuta. Legebiltzarrak herenegun onartu zuen erreforma konstituzionala eta atzo zuten Kongresuan bozkatzekoa. Baina agintean dagoen Concertacion alderdiak ez zuen sostengu nahikorik jaso eta eztabaida Senatura eramango dute.
Lagosek beharrezkoa zuen Sebastian Piñera buru duen Txileren aldeko Aliantzaren sostengua. Baina oposizioa ez zetorren bat haren egitasmoarekin. Gobernuaren lege proposamenak «jatorrizko herrien» eskubideak aipatzen zituen. Aldiz, Piñeraren taldeak aurkeztutakoak, indigena talde desberdinek eskubideak aipatzen zituen eta, lehen aldiz, indigena talde horien izenak jasotzen zituen. Maputxea, aimara, rapa-nui, atakameña komunitatea eta kitxua, besteak beste. Gauzak horrela, maputxe hitza Konstituzioan jaso nahi ez izatea leporatu zion eskuinak Lagosi. Maputxeek, beren aldetik, salatu egin zuten batzuen eta besteen jarrera. Lur Guztien Kontseilua erakundearen arabera, botoak irabazteko bultzatu dute proiektua bi aldeek, eta ez indigenen alde egiteko. Txilen milioi bat indigena inguru bizi dira herritarren %8 eta horietatik %90 maputxeak dira. Besteak beste, beren lurrak kendu eta baztertu izana leporatzen diote Gobernuari.
Bachelet faborito
Azken inkesten arabera, agintean dagoen Concertacion alderdiko hautagai Michelle Bachelet da igandean egingo diren presidentetzarako bozak irabazteko faborito nagusia, botoen %45ekin. Aldiz, eskuineko Txileren aldeko Aliantzako buru den Piñerak botoen %40 lortuko luke, urtarrilaren hasieran egindako inkestaren arabera.
Presidentetzarako bozen bigarren txanda asteburuan egingo dute. Lehenengoan Bachelet atera zen garaile botoen %45,96rekin. Piñerak %25,41 lortu zituen.
AUCAN HUILCAMAN- Lur guztien kontseilua erakunde maputxeko buruzagia
«Indigenak erabiltzen ari dira hauteskundeak irabazteko asmoz»
Huilcamanen iritziz, sistemak ez die indigenei politikan parte hartzen uzten, eta hori instituzioen arrazakeriaren ondorioa da.
arantxa elizegi
Maputxea da Aucan Huilcaman, Txilen beste milaka herritar bezala. Bera izan da presidentetzarako bozetara aurkeztu den lehen maputxea. Lur Guztien Kontseiluaren izenean aurkeztu zen. Baina bere hautagaitza atzera bota zuten, izen emateko diru nahikorik ez zuelako 200.000 dolar inguru. Indigena zelako baztertu zutela dio: «Txilen apartheid-a indarrean dago».
Txileko presidentetzarako bozetara aurkezten den lehen indigena zara.
Bai, baina ez zuten nire hautagaitza onartu, notarioei ordaintzeko diru nahikorik ez nuelako. Hemengo sistemak ez du indigenentzako edo independenteentzako lekurik uzten. Nik 100 milioi peso 200.000 dolar inguru behar nituen izen emateko soilik. Arrazan eta ekonomian oinarritutako bazterketaren biktima izan nintzen. Ez dut uste inork izen emateagatik ordaindu beharko lukeenik. Demokraziak eskubide izan beharko luke, baina hemen pribilejio ekonomikoada. Txilek ez digu indigenoi bozetan parte hartzeko eskubidea bermatzen. Indigenen eskubideei dagokienez gurea da herrialderik atzeratuena.
Legea egun dagoen bezala onartuz gero, indigenak matxinatu egingo zirela ohartarazi zenuen.
Gobernuak aurkeztu duen testuak herri indigenen eskubideak mugatzen ditu. Esaterako, ez ditu bermatzen lurrak izateko edo autodeterminaziorako eskubidea. Baliorik ez duen testu generikoa da. Izaera kolonialista du. Indigenok bizi dugun zapalketa politikoaren ondorioa da, eta horregatik, onartzen bada, matxinatu egingo gara. Horretarako eskubidea dugulako.
Zergatik aurkeztu dute orain lege proposamena?
Botoak jasotzeko. Indigenak erabiltzen ari dira, hauteskundeak irabazteko asmoz. Baina praktikan ez dute esandakoa betearazteko inolako asmorik. Horretaz gain, ez zuten erakunde indigenekin hitz egin testua aurkeztu aurretik. Urtarrilaren 4an, gure eskualdean izan zen agintean dagoen Concertacion alderdiko Michelle Bachelet hautagaia, eta maputxeen herri izaera Konstituzioan jasotzea proposatuko zuela iragarri zuen.
Protestak ere egon dira.
Gobernuaren proposamena ez da guk eskatu genuena. Horregatik atera ginen kalera manifestatzera. Ondorioz, atxilotuta egon naiz atzo [herenegun] arte. Boliviako presidente izateko aukeratu duten Evo Moralesen kargu hartzera joatekoa nintzen berez, baina herrialdetik ateratzea debekatu didate eta, sei hilabetez, ezin dut Txileko eraikin publikoetara gerturatu. Zentzugabea da. Sitio-egoeran bizi naiz. Instituzioen arrazakeriaren ondorioa da hori. Apartheid-a indarrean dago Txilen. Nire eskubide politikoak bertan behera utzi nahi dituzte, hurrengo bozetara aurkezteko aukerarik izan ez dezadan.
Lehen ere aurkeztu izan dituzte antzeko proposamenak.
Azken hiru agintaldietan antzeko egitasmoak aurkeztu dituzte. Baina hauteskundeak gerturatzen zireneansoilik egiten zituzten. Azkena Ricardo Lagos presidentearena izan da.
Lege hori onartzeak balio dezake indigenen aldeko aurrerapausoak emateko?
Egun dagoen bezala, ez du inolako aukerarik eskaintzen indigenen alde egiteko. Txileko politikariak indigenen kontra daude. Atzerakoiak dira. Indigenen eskubideez hitz egiten den bakoitzean, lurraldearen batasuna eta nazioaren banaezintasuna jartzen dituzte baldintza gisa. Lur Guztien Kontseilua indigenen eskubideak Konstituzioan jasotzearen alde aritu da lanean hogei urtez. Hori da Estatuaren eta indigenen arteko harremanak bide onetik eramateko era bakarra. Baina ez gaude edozein gauza onartzeko prest, eta gutxiago oraindik, testu horrek indigenen eskubideak Estatuaren interesen azpitik jartzen dituenean.
Zergatik ez daude maputxeen eskubideak onartzeko prest?
Maputxeak beren lurretatik bidali zituzten duela mende bat inguru, indarrez bidali ere, eta herri gisa zituzten eskubideak kendu egin zizkieten. Horretaz gain, diktadura garaian indarrean jarritako eta geroztikako gobernuek bultzatutako sistema neoliberalak garrantzi handiagoa ematen dio kapital transnazionalari, indigenen eskubideei baino. Lagosek, esaterako, bi horien artean aukeratzeko eskatu zien politikariei, eta garbi geratu da haiek zer aukeratu zuten.
Zeintzuk dira maputxeen eskaerak?
Maputxeentzako legebiltzar autonomo bat eratzearen alde ari gara lanean. Era berean, Armadak kendutako lurrak itzultzeko eskatzen dugu. Herri indigenek beren buruak gobernatzeko eskubidea dutela onartu behar du Txilek. Azkenik, nazioarteko erabakiak jarraituz, gure eskubideak Konstituzioan bermatzea nahi dugu.