Maputxeek gose greba utzi dute, Txileko Gobernuarekin akordioa lortuta

Lege Antiterrorista ez aplikatzeko hitzarmena lortu dute indigenek 82 eguneko baraualdia eginda

Erredakzioa
2010eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Txileko maputxeak Augusto Pinocheten diktaduraren garaian sortutako Lege Antoterrorista aplikatuta epaitzen zituzten orain arte, eta horren kontrako azken protestak ondorioak izan ditu: 82 egun gose greban egon ondoren, bertan behera utzi dute protesta, Sebastian Piñeraren gobernuarekin akordioa lortuta. Hemendik aurrera ustezko delituak eta protestak ez dira terrorismotzat joko, eta epaitegi zibilen esku geratuko dira, ez militarrenetan. «Gobernuak ez du uste maputxeen kontrako inputazioak jarrera terroristak direnik, eta ekintza horiek berriz aztertuko dira zuzenbide penal arruntaren bidez». Modu horretara Michelle Bacheleten aurreko gobernuan jarritako kereila guztiak bertan behera geratuko dira.

Horrez gainera, maputxeen eskubideak bermatzeko bidean hitz egiten jarraitzeko konpromisoa hartu du Txileko Gobernuak. Maputxeen lorpena «bide berriaren hasiera» dela esan du Natividad Lanquileo maputxeen bozeramaileak, eta bide horretan greba hau maputxeen herriaren eraikuntzan pauso bat besterik ezdela. «Horregatik, bizirik egon behar dute, bide berri honetan sakontzeko».

Moldaketak

Akordioa lortu aurretik, Lege Antiterroristari aldaketa batzuk egitea onartu zuten Legebiltzarrean: 81 boto alde, 9 kontra eta 10 abstentzio izan zituen. «Ustezko delitu terrorista» kontzeptua kendu dute, eta suteen kasua legez kanpokoa den arren, zigor txikiagoa ezartzen dio. Maputxeen lurretan multinazionalen makineria eta jabetzak erretzeagatik daude maputxe asko gaur egun espetxean.

38 maputxe egon dira gose greban, horietako batzuk uztailaren 12tik, eta akordioa lortu eta berehala utzi zioten grebari Concepcion, Lebu eta Valdiviako preso politikoek. Angoleko espetxekoak atzo ziren erantzutekoak.

Luze jo dute negoziazioek, eta joan den astelehenean bertan gobernuak bertan behera utzi zituen negoziazioak, baina nazioarteko presioengatik -besteak beste, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban-ki Moonek eskatuta- eta Eliza katolikoaren bitartekaritzari esker lortu dute akordioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.