Venezuela

Maria Corina Machadok irabazi ditu Venezuelako oposizioaren primarioak

Asanbleako diputatu ohiak esan du Maduro boteretik botako duela datorren urteko presidentetzarako bozetan. Inhabilitatuta dago, eta ezingo da hauteskundeetara aurkeztu.

Maria Corina Machado primarioetako garaipena ospatzen, Caracasen, gaurko ordu txikietan. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
ander perez zala
2023ko urriaren 23a
12:16
Entzun

Venezuelako oposizioa pozik dago. Primarioak egin ditu, eta garaipen moduko bat izan da, barne kontsulta bera egiteaz gain aspaldian izan ez duen batasun irudia helarazi baitu datorren urteko presidentetzarako hauteskundeetara begira. Horren erakusle da garaileak bildu duen babesa: Maria Corina Machado Asanbleako diputatu ohiak (2011-2014) botoen %93 jaso ditu, behin-behineko emaitzen arabera. Baina, aldi berean, ziurgabetasun garai batean sartu dute beren burua PUD Plataforma Unitario Demokratikoan elkartu diren alderdiek, Machado inhabilitatuta baitago, eta, hortaz, ezin baita aurkeztu 2024ko bozetara.

Barne desadostasunak eta krisia protagonista dituen honetan, PUDek bidearen hasiera besterik ez du egin, eta hori bera aitortu du primarioen garaileak lehen emaitzen berri jakin eta gutxira: «Amaieraren hasiera da hau. Bide zaila dugu aurretik; hori badakigu». Nicolas Maduro herrialdeko presidentea «eta haren erregimena» boteretik botatzea jarri du helburutzat Machadok, eta argi utzi du ez duela amore emateko asmorik. «Agindu bat jaso dut, eta, venezuelarrekin batera, onartu egiten dut agindu hori garrantzitsua izatea», adierazi du oposizioaren primarioen garaileak, jarraitzaileak aurrean zituela.

PUDen presidentegaia VV Zatoz Venezuela alderdi antikomunistaren sortzaile eta koordinatzaile nazionala da, eta babes handia du herrialdeko oligarkiaren, goi mailako klaseen eta erbesteratuen artean. Bere muturreko jarrerengatik nabarmendu da hilabeteotan, eta Venezuelako presidente ohi Hugo Chavezen eta Maduroren aurkari sutsua da. Oposizioari ere egin dizkio kritikak; batez ere, kide moderatuagoei, gaur egungo presidentea boteretik kentzen saiatzeko erabili dituzten estrategiengatik.

Geroz eta ospe handiagoa du Machadok oposizioko boto emaileen artean, baina, printzipioz, ezingo da lehiatu datorren urteko presidentetzarako hauteskundeetan. Venezuelako Errepublikako Kontu Ikuskaritzak 2015ean ezarri zion lehen aldiz inhabilitazio zigorra —urtebetekoa—, bere ondasunen berri ematean ez zituelako bonu batzuk aipatu. Iragan ekainean, berriz, 2030era arte luzatu zuten zigor hori, «etika publikoaren, moral administratiboaren, zuzenbide estatuaren, bakearen eta Venezuelako Bolivartar Errepublikaren subiranotasunaren aurkako ekintzak» egiteagatik; zehazki, AEBek Venezuelari jarritako zigor ekonomikoen alde agertzeagatik.

Bermeen akordioa

Joan den astean, Venezuelako Gobernuak eta oposizioak presidentetzarako bozetarako bermeak adostu zituzten, eta zera jaso zuten hautagaitzen inguruan: hauteskundeetan parte hartu ahalko dute «presidentegai guztiek, betiere legeak finkatutako baldintzak betetzen» badituzte.

PUDen arabera, itun hori «bide bat» da inhabilitatuta dauden politikariek «beren eskubideak laster berreskuratzeko», eta, hortaz, 2024ko hitzordu elektoralean parte hartzeko. Jorge Rodriguez Venezuelako Asanbleako presidenteak, ordea, berehala eman zuen beste interpretazio bat, eta adierazi zuen inor inhabilitatua izanez gero ezingo dela hautagai izan.

Printzipioz, agintean dagoen PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuaren eta PUDen artekoak izango dira datorren urteko presidentetzarako hauteskundeak; hori bai, Madurok oraindik ez du baieztatu PSUVen hautagai izango denik.

2018an, Venezuelako oposizioko aliantza nagusiak, Batasun Demokratikoaren Mahaiak, erabaki zuen bozetan ez lehiatzea eta boikoterako deia egitea, hauteskunde horiek «itxurakeria bat» zirela argudiatuta. Jarrera horrek berekin ekarri zuen, besteak beste, parte hartzea %46,07 izatea, eta Madurok berriz ere irabaztea, babesen %67,84 bilduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.