Buruzagirik gabe geratu da Bielorrusiako oposizioa: Poliziak preso hartu ditu erbestean ez daudenak, azkena Maria Kolesnikova. Hura atxilotu zuten zurrumurruak atzo zabaldu ziren, hainbat lekukok salatu zutenean ezezagun batzuek atzeman eta ibilgailu batean eraman zutela. Oposizioak, berriz, atxilotu egin zutela esan zuen, eta Poliziak, eurek ez zutela atzeman.
Gaur bestelakorik jakinarazi du Minskek. Mugako segurtasun indarren arabera, goizaldean Ukrainara sartzen ahalegindu dira Kolesnikova bera, Anton Rodnenkov eta Ivan Kravtsov —biak desagertutzat eman zituzten atzo—. Lehena atxilotu egin dute muga zeharkatu aurretik, baina beste biek lortu dute Ukrainan sartzea. Minsken arabera, bi horiek ere atxilotu egin dituzte Ukrainako segurtasun indarrek. Kievek, ordea, ez du halakorik baieztatu.
Oso bestelakoa da Ukrainako segurtasun indarren kontakizuna. Haien arabera, hiru ekintzaileak Bielorrusiatik kanporatzen ahalegindu ziren hango segurtasun indarrak, eta lortu zuten Kravtsov eta Rodnenkoven kasuan; baina Kolesnikovak pasaportea apurtu zuen, eta, beraz, ezin izan zioten Ukrainan gelditzen utzi; hortik Bielorrusian atxilotu izana. «Ez zuten Maria Kolesnikova kanporatzea lortu, emakume ausart honek neurriak hartu zituelako, mugaz bestaldera bidal ez zezaten», esan zuen Anton Guerastxenko Barne ministrordeak.
Svetlana Tikhanovskaia presidentetzarako bozetarako oposizioko zerrendaburuak gaitzetsi egin du atxiloketa, eta Kolesnikova berehala aske uzteko eskatu du. «Koordinazio Kontseilua negoziaziorako plataforma bat da, eta, beraz, bertako kideak, Kolesnikova bera tartean, aske utzi behar dituzte [Aleksandr] Lukaxenko presidenteak ohartu behar du horretaz. Ezin da jendea bahitu egun argitan. Hori eginez, Lukaxenkok erakusten du beldur dela».