Atenasko 2004ko Olinpiar Jokoak

Maria Quintanal bizkaitarrak zilarrezko domina lortu du tiroan

Olinpiar tiroan, trap modalitatean, zilarrezko domina eskuratu du Maria Quintanal bizkaitarrak. 84 plater hautsi ditu Quintanalek, urrezko domina lortu duen Suzanne Balogh australiarrak baino lau gutxiago. Olinpiar Jokoetako txapeldunordea ez ezik, Munduko txapelduna da Quintanal.

2004ko abuztuaren 16a
16:00
Entzun
Azken tiraldian Quintanal ez da oso fin ibili —sei huts egin ditu—, baina klasifikatzeko tiraldietan lan bikaina egin duenez, zilarrezko domina lortu du. Guztira, 84 plater hautsi ditu Quintanalek, Balogh australiarrak baino lau gutxiago. Brontzezko domina, berriz, Bo Na Lee korearrak irabazi du 83 plater hautsita.

Quintanal bizkaitarra da, baina Kanariar Uharteetan bizi da.

Uematsu lehiaketatik kanpo lehen borrokaldian

73kiloz azpiko mailan parte hartu du Kyoshi Uematsu judoka bizkaitarrak Atenasko 2004ko Olinpiar Jokoetan, baina lehen borrokaldia galdu ostean, lehiaketatik kanpo geratu da. Izan ere, lehen borrokaldi horretan mendean hartu duen Leandro Guillheiro brasildarrak ezin izan du finalerdietan sailkatu, eta, ondorioz, Uematsuk brontzezko domina eskuratzeko lehian parte hartzeko aukera galdu du.

Yuko bategatik galdu du Uematsuk Guilheiro brasildarraren aurka, eta, finean, borroka horretara mugatu da Uematsuren parte-hartzea Olinpiar Jokoetan.

Kyoshiren anaia Kenjik esku-eskura izan zuen brontzezko domina joan den ostiralean, 60 kiloz azpikoen mailan, baina azken borrokaldian galdu egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.