Beste auto batetik tirokatu zuten atzo Marielle Franco, eta auto gidaria ere hil zuten. Haren aholkulari Fernanda Chavez zaurituta dago. Ekitaldi politiko batetik atera ondoren hil zuten, eta hiltzaileek alde egin zuten berehala. Oso ezaguna zen hirian, eta atsekabe handia eragin du hilketak.
Michel Temer presidenteak militarren esku hartze agindua ezarri eta hilabetera gertatu da hilketa. Franco PSOL Sozialismoa eta Askatasuna alderdiko zinegotzia zen Rio de Janeiron, 2016an hauteskundeetan hirian boto gehien lortu zutenen artean bosgarrena, eta oso ezaguna zen giza eskubideen eta, batez ere, emakume beltzen alde egiten zuen lanarengatik. Rio de Janeiroko Mare fabelan jaio zen, 1979an, eta hantxe bizi zen. Poliziaren eta droga trafikatzaileen arteko tiroketan lagun bat hil zutenean hasi zuen militantzia, emakumeen eta giza eskubideen alde, eta Poliziaren indarkeriaren aurka. Soziologoa zen, eta 2006an sartu zen politikagintzan. Atzo arte, Rio de Janeiroko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko koordinatzailea zen.
Atzo bertan sare sozialetan militarren lana kritikatu zuen Francok, gazte baten hilketa gogoan: "Beste hilketa bat gertatu da, Poliziaren zerrendan sartuko dena. Matheus Melo elizatik ateratzen ari zela hil zuten. Zenbatek gehiagok hil behar dute gerra hau amai dadin?"
Haren alderdiak komunikatu bat atera du esanez, "harro" dagoela Francok giza eskubideen alde egindako lanarengatik, eta ikerketa eskatu du gertatutakoa argitzeko.
Esku hartze militarra 2018 amaierara arte ezarri dute, eta Francoren alderdiak helegitea jarri dio aste honetan bertan neurriari.