Marihuana, xaria eta zergak

Bozak galdeketak egiteko ere baliatuko dituzte 36 estatutan; dagoeneko indarrean dauden hainbat lege baliogabetu nahi dituzte haietako askoren bitartez.

arantxa elizegi egilegor
2010eko urriaren 31
00:00
Entzun
Ez dago muga zehatzik erreferendumera aurkez daitezkeen eta ezin daitezkeen proposamenen artean. Gerora agian nazio osoan ezarriko diren politiken aurrekari izan daitezke batzuk, eta itxuraz oinarri gabeak besteak. Azken horien adibide dira Oklahoman eta Arizonan egitekoak dituzten bi erreferendum. Lehenengoan, epaitegietan xaria edo lege islamikoa erabiltzea debekatzea proposatu dute. Horrek zentzua izango luke herrialde islamistetan; Somalian eta Iranen, kasu. Ez, ordea, musulmanak herritarren %1 baino gutxiago diren estatu batean. Arizonari dagokionez, berriz, Konstituzioa aldatzeko eskatzen dute, ehiza eta arrantza oinarrizko eskubide izan daitezen eta era horretan etorkizunean ekologistek horiek debekatzeko aukerarik izan ez dezaten.

Badira nahasmenera bultzatzen duten egitasmoak ere. Kalifornian, adibidez, duela bi urte batzorde independente bat osatu zuten estatuko Legebiltzarrerako kideen barrutiak zehazteko -ordura arte politikariek egiten zuten lan hori-. Orain, Kongresurako hautagaien barrutiak zehazteko eskumena batzordeari emateko eskatzen du 20. Proposamenak. 27. Proposamenaren bidez, aldiz, batzordea desegin eta lehengora itzultzea galdegin dute; guztiz kontrakoa, beraz. Kontraesana dirudien arren, bi planak onar ditzakete, eta kasu horretan, baiezko boto gehien jasotzen duena sartuko da indarrean.

Egitasmo polemikoak

Astearteko bozetan 36 estatutan egingo dituzten 159 erreferendumen artean, badira, hala ere, polemika piztu duten bi; klima aldaketarena eta marihuanarena. Biak Kalifornian dituzte egitekoak. Batetik, marihuanaren kontsumoa eta produkzioa legeztatzea proposatu dute. Planak aurrera eginez gero, 21 urtetik gorakoek marihuana erosi ahal izango dute -1996tik osasun helburuetarako erabiltzen da landare hori, eta horretara bideratutako saltokitan eros daiteke-. Bestetik, banakoek gehienez 2,3 metro koadroko zabaleran landatu ahalko dute. Egitasmoa bultzatzeko, arrazoi ekonomikoak argudiatu dituzte. Izan ere, gaur egun urteko 1.000 milioi dolar inguru irabazten dituzte marihuanaren salmentatik; eta hura erabat legeztatuz gero irabaziak 3.000 eta 4.000 milioi dolar artera igo daitezkeela uste dute.

Arazoa da, ordea, AEBetako legediak debekatu egiten duela marihuanaren kontsumoa, baldin eta osasun arrazoiengatik ez bada. Horretaz gain, Washingtonek drogen aurka egiteko hainbat akordio dauzka sinatuta beste hainbat herrialderekin. Mexikoren kasuan, esaterako, milaka milioi bideratu dituzte orain arte droga trafikoa gelditzera. Ondorioz, Etxe Zuriak ez du batere begi onez ikusi 19. Proposamena deritzona.

Eztabaida gogorra piztu duen bigarren egitasmoa klima aldaketari dagokio. 2006an AB32 Legea sartu zen indarrean estatu hartan, zeinak herritarrak bultzatzen dituen euren auto, enpresa eta etxeak berritzera karbono dioxido gutxiago isur zezaten. Orain, baina, Texasko petrolio konpainiek legea behin-behinean indargabetzeko eskatu dute, langabezia tasa %5,5era jaisten den arte. Horretarako, ordea, oso litekeena da urteak behar izatea, egun %12koa baita langabezia-%15ekoa hispanoen kasuan-. Egitasmoa bultzatu dutenen argudioa da legea betetzeak gastuak handitzea eta, beraz, dozenaka langile kaleratzea esan nahi duela, eta krisi garaian hori «zentzugabea» dela.

Galdeketa urtean milaka milioiren irabaziak dituzten petrolio enpresek egin izanak, hala ere, herritarren mesfidantza piztu du. Los Angelesko alkate Antonio Villaraigosa da ezezkoaren kanpaina egiten ari direnetako bat. «Zoazte etxera, Texasko petrolio enpresak. Ez dugu gure ingurumena eta osasuna konprometituko zuek dirua irabazi ahal izateko». Harekin bat etorri da Ella Baker Giza Eskubideen Zentroko ekintzaile Evelyn Rangelek. «Desegin nahi duten legea Kaliforniako legea da; lan berde gehiago sortzen ari da eta estatuko ekonomia bere onera ekarriko du».

Historikoak

Krisi garaian ohikoa den gisan, ugari dira zerga bilketari dagozkion egitasmoak ere. Coloradon eta Indianan, adibidez, zerga jakin batzuk murrizteko asmotan dabiltza. Washingtonen, berriz, onartuz gero historikoa izango den neurri bat proposatu dute. Hori da banakoen errentaren gaineko zergarik ez duten zazpi estatuetatik bat. Horiek hala, I-1098 proposamena aurkeztu dute, zeinak eskatzen duen 200.000 dolar baino gehiago irabazten duten banakoei eta 400.000 dolar baino gehiago eskuratzen duten bikoteei %1,2ko zerga ezartzeko. Horren aldeko kanpaina egiten ari direnen artean dago Bill Gates-AEBetako gizonik aberatsenaren aita-. Aldiz, kontrako kanpaina egiten ari dira Microsoft, Amazon eta Nordstrom.

Aipatutakoez gain, asteartean beste dozenaka egitasmo jarriko dira mahai gainean; besteak beste, abortuaren aurkakoak, ingelesa hizkuntza ofizial egitea galdegiten dutenak eta osasun erreformaren kontrakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.