Gaur baieztatu da berria: Mario Conde bankari ohia Galiziako Xuntarako presidente izateko aurkeztuko da urriaren 21eko hauteskundeetan, SCD Gizarte Zibila eta Demokrazia alderdi berriarekin.
Goizean, "biltzar irekia" egin dute Santiagon 500en bat lagunek, eta han onartu dute, "gehiengo handi-handiz", Conde izatea SCDko presidentegaia. Pontevedrako herrialdean aurkeztuko da, PPko lehendakarigai eta Xuntako egungo buru Alberto Nuñez Feijoo bezala.
Murrizketak direla-eta erakunde publikoak ahalmenak galtzen ari direla salatu du, eta hori berreskuratzearen alde mintzatu da. "Politikarien pribilegioen" aurka azaldu da.
Galiziarra da Conde, eta 64 urte ditu. 39 urte zeuzkala Banesto bankuko presidente jarri zen. Espainiako Justiziak 1994an eta 2001ean Banesto auzian denera hogei urteko kartzela zigorra ezarri zion, bankuan dirua lapurtzeagatik eta iruzur egiteagatik.